Liburu bat, bi kritika

Gauza jakina da irakurle bakoitza mundu bat dela, eta irakurle guztiak ez direla bat etorri behar, derrigorrez, liburu baten gaineko juzkuan. Hala ere, bitxia begitandu zaigu liburu beraren inguruan bi ikuspuntu hain diferente aurkitzea. Joxemari Iturraldek idatzitako Hyde Park-eko hizlariak eragindako iritziez ari gara: bi kritika soilik hemerotekan eta bata bestearen antipodetan.
Zuek zeuok juzkatu:
Berria, 2007/04/8
“Kosta egiten zait aipu hori hasiberri batena ez baina ibilbide luzeko nobelagile baten liburukoa dela sinestea. Eta badira gehiago”.
“Sinpletasuna, irakurterraztasuna bilatu nahia egongo da atzean agian, baina sinplekeria eta zabarkeria ere badario batzuetan Iturralderen prosari”.
“Eskertuko lukete, nik uste, editore baten eskua edo arindu bat 331 orrialdeek”.
“Sinpleak, lauak, deskafeinatuak iruditu zaizkit, neuri bederen, estiloa bezala pertsonaia eta gertakariak eta lautada amaigabe batean korrika bezala sentitu naiz liburua irakurtzen, nekatuta, inora ez iristeko”.
Gara, 2007/02/10
“Hyde Park-eko hizlaria ez da nolanahiko nobela. Osagarri guztiak biltzen ditu nobela erreferentziazkoa izateko”.
“Maisuki baitarabil Iturraldek narrazioaren erritmoa, bidea leuntzen duen hizkera soil eta zuzenarekin konbinatuta”.
“Eta nabarmentzekoen artean, azkenik, liburuak eskaintzen duen gogoetarako tartea. Irakurtzearen plazer soila gainditzen duena”.
“Nobela-nobela. Horixe iruditu zait Hyde Park-eko hizlaria. Bikain idatzia eta osoa”.