
Orain dela pare bat urte egin genion elkarrizketa.
Oraindik ez dugu ahaztu.
EVA FOREST (1928-2007)
1928an Bartzelonan jaio arren, mundu erdia zeharkatu duen euskal herritarra dugu Eva Forest. Ofizioak ere hamaika izan ditu: idazle, kazetari, pentsalari, editore… baina oroz gain jendearengan eragin nahi izan du bere bizitza osoan zehar. Eta pentsamendu kritikoa sortu.
Bartzelonan jaio zinen, familia anarkista batean eta bertan bizi batxilergoa amaitu arte. Zer oroitzapen duzu garai hartaz?
Ongi gogoratzen dudana da haurtzaro zoriontsua izan nuela, oso ongi pasa nuen. Ez nintzen eskolara joan gurasoek uste baitzuten hobe zela eskolara ez joatea eta etxean ikastea. Denbora libre asko izan nuen, pentsatzeko denbora, hitz egiteko, irakurtzeko… terraza handi bat geneukan etxean eta han ematen nituen orduak eta orduak. Aita margolaria nuen eta bere estudioan ere izaten nintzen margolanak ikusten, koloreak nola sortzen zituen begiratzen. Apunteak hartzen zituen aitak, langileak fabrikatik ateratzen eta halako gai sozialak. Amarekin grebari buruz hitz egiten zuen, elkartasunari buruz eta nik hitz hauek imajinatu egiten nituen.
Etxetik bertatik beraz, jaso zenuen ezinegon hori?
Munduan gauzak gertatzen zirela jasotzen nuen, baina ez nituen bizi tragedia handiak balira bezala. Garai hartan garatu nuen, ez bakarrik askatasunaren kontzeptua, baita independentziarena ere. Oso independentea izan naiz nire bizitzan zehar eta horregatik askatasunaz ari naizenean independentziari buruz ari naiz. Ideia honek gerora asko balio izan dit, dibertsitatean sinesteko, pertsona bakoitza pertsona desberdin bat dela ikusteko. Monotoniak izutu egiten nau. Independentzia honek gainera beste pertsona independenteekin elkartzera animatzen zaitu.
Eta, gerra garaia?
Gerra bukatzen ari zela gauza komiko bat gertatu zen. Aita hil ziguten gerra garaian eta amak haurtzaindegi batean sartu ninduen. Han nengoela nazionalak sartu ziren. Etxera eraman ninduen amak baina arropen bila itzuli ginenean, gutaz arduratzen ziren andereño guztiak mojaz jantzita zeuden eta apaiza meza ematen. Gorrien eremuan kamuflatutako mojak ziren andereño haiek! Pasarte honek gertatzen ari zenaren ikuspegi karikatureskoa eman zidan. Nazionalen sarrera esperpento baten modura bizi izan nuen. Gerra ondoren beldur handia zegoen. Lehenengo jaunartzea ere gin beharra izan nuen, ordurako titi erraldoiak nituen arren! 50.000 gatetxok hartu genuen jaunartzea, Mussoliniren suhiaren aurrean! Dena groteskoa zen. Baina gertaera hauengatik beti ikusi izan dut etsaia zerbait beldurgarri baina era berean esperpentiko bezala. Inperialismo amerikarra begiratzea besterik ez dago. Etsaiari barre egin behar zaio!
Medikuntza ikasketak egitera gero, Madrilera.
Bai, ongi pasa nuen Madrilen. Asko gustatzen zitzaidan medikuntza, gaixoen arazoak konpontzen laguntzen baitzuen. Kontuan hartu, ikasle mutilak 1.000 inguru izango zirela eta neskak, aldiz, 10 bat. Irakasle gehienak eskasak ziren. Irakasle batek neskak lehen lerroan jartzeko agintzen zuen eta hankak gurutzatu gabe gainera! Beste batek ilehoria eta altua nintzenez, alemaniartzat hartu eta unibertsitate barneko ikasle egin ninduen. Honen guztiaren erdian sentsibilitate soziala hasi nintzen garatzen. Karrerako laugarren urtean bi gazte hurbildu zitzaizkidan eta esan zidaten: “barneko ikaslea zarenez, preso dagoen jendearentzat sendagaiak eskura ditzakezu?”. Eta nik erantzun: “baina, zer preso?”. Orduan jakin nuen preso politikoak bazirela. Sendagaiak ematen hasi nintzen eta neure burua informatzen. Orduantxe hasi nintzen kontzientzia soziala eta politikoa hartzen.
Euskal Herriari buruz zer zenekien?
Ezer ez, ezer ez. Garai hartan esaten zena besterik ez. Bueno, lagun on bat banuen, urnietarra eta kontatzen ziotena kontatzen zidan. Madrilera iritsi zenean beste nonbaitekoa zela uste zuen jendeak, gaztelaniaz zailtasun nahikotxorekin adierazten baitzen. Oso lagun egin ginen.
1955. urtean Alfonso Sastre ezagutu zenuen. Gaur arte.
Tertulia batera joaten ginen larunbat arratsaldetan. Zientziarekin erlazionatutako jendea joan ohi zen gehienbat baina honen bidez beste tertuli bateko jendea ezagutu nuen. Bertan egoten zen Alfonso.
Ezagutu zenuen eguna gogoratzen duzu?
Bai noski. Tertulia honetako lagun batek “Escuadra hacia la muerte” ikustera eraman ninduen. Gogoan dut asko gustatu zitzaidala antzerki lana. Alfonsok dioenez gainera, autografoa eskatzera joan nintzaion amaieran, baina ni zirikatzeko esango du ziur aski! Kontu hau ez dugu oraindik argitu.
Asko bidaiatu duzu zure bizitzan zehar, Suedia, Sobietar Batasuna, Kuba, Irak. Bereziki markatu zaituen herrialde bat?
Nire bizitzan klabea izan da Kubara 1966an egindako bidaia. Asko ikasi nuen bertan. Etxalde batean eman nituen lau hilabete, nekazariak grabatzen. Galderak egiten nizkien, ea beren bizitza nolakoa zen lehen, zein neurritan hartu zuten parte borrokan, iraultzaren ondoren zertan aldatu zitzaien bizimodua… Inoiz ez bezalako ikasketa izan zen hura niretzat, sekulako unibertsitatea. Han ulertu nuen iraultzaren benetako zentzua. Zientziaren eremutik nentorren eta eboluzioan sinesten nuen. Niretzat gizakiaren gailurra muturreraino pentsatzea da eta besteekin pentsatzera iristea. Kubako nekazariekin ikusi nuen hori. Eztabaiden emaitza ez zen pentsamendu guztien arteko batuketa, pentsamendu guztien arteko sintesia baizik. Orduz geroztik argiago dut zer den iraultzaile izatea: pentsatzea eta besteekin pentsatzea, eta honen alde heriotzaraino borrokatzea. Geroztik badakit iraultza posible dela.
Kazetari, idazle, ekintzaile politiko, pentsalari… Nola definituko luke bere burua Eva Forestek?
Ezin dut neure burua definitu. Zertan lan egiten dudan galdetu izan didatenean, gauza diferenteak egiten ditudala erantzun izan dut. Orain editorea naiz. Beste momentu batean, borrokalaria izango nintzateke mendian, adibidez. Baina gehien erakartzen nauena zirikatzea da, pentsamendu kritikoa egon dadin.