KRITIKA ANTOLOGIKOAK I

 

KRITIKA ANTOLOGIKOAK deritzon saila abiatzen dugu gaur. Hasteko bat, antologikoa benetan. Nahi duenak edo ausartzen denak egin beza komentarioa.

Literatura, noski

Felipe Juaristi

“Euskal Hiria sutan”
Xabier Montoia
Elkar, 2006

        Nik uste nuen zilegi dakidakeena eta etiko zaidana ezberdinak zirela, niri etiko dakidakeena eta zilegi zaidana ezberdinak diren bezala. Bistan da ezetz eta damu naiz lehenago ez ohartuaz. Damu, Aristotelesen eta Platonen liburuak bota baititut harrika kalera. Norbaitek ba al daki zer soinu egiten duen liburu filosofiko batek euriak busti duen kalea jotzean? Plisti. Papera asfaltoaren aurka, eta asfaltoa euriaren bide, eta nik uste nuena eta nik dakidana biak batera errekara. Ez dakit zer egin Savaterren liburuekin. Beharbada Xabier Montoiarentzat gordeko ditut, liburuko pertsonaien artean kokatu baitu bera. Zer doinu egingo ote dute Savaterren liburuek lurra jotzean? Plasta. Irekiko ote dira tximeleten itxura hartuz. Bai? Ez? Hauxe sentimenduen anabasa trinkoa eta mataza askaezina. Eta nik uste zilegi den oro ez dela etiko, eta etiko den oro zilegi ez! Nondik begiratzen den, ez al da hala? Zilegitasuna edo etikotasuna, bietako zein da gure izaeran nagusi? Zilegitasunaren etikotasuna? Etikotasunaren zilegitasuna?         Adibide bat. Eman dezagun ni ez naizen beste idazle batek Xabier Montoia izeneko pertsonaia asmatzen duela eta beste pertsonaien artean ipintzen duela bera, historiaren barruan, eta historiaren partaide. Eman dezagun Xabier Montoia izeneko pertsonaiak Xabier Montoia izeneko gizon benetakoaren antza duela, eta ni ez naizen idazle horrek (ez baita nire estiloa, dudan irakurle-klubekoek ongitxo dakitenez) ustezko narrazioa erabiltzen duela Xabier Montoia benetakoa iraintzeko, jipoitzeko, laidotzeko, zapuzteko. Inork ez du esango literaturaren ikuspuntutik zilegi ez denik, izan ere literaturan dena da zilegi, baita penagarri idaztea ere, baina batek baino gehiagok (zilegi zait pentsatzea) ez du etikotzat joko. Zilegi ere bazait ustea benetako Xabier Montoiak balizko idazle horren ama eta beren haragizko zerbitzuak diru truk eskaintzen duten emakumeen lanbide zilegia elkartuko dituela, irudimenean ez ezik, ahoan ere bai. Gakoa hor: egia noiz da gezur, eta gezurra noiz egia? Euskal hiria ala euskal idia? Hiriarena ala idiarena jo? Literatura, noski.

El Diario Vasco, 2007-02-16

zabaldubildudel.icio.us

”KRITIKA ANTOLOGIKOAK I” istorioak 2 iruzkin ditu.

  1. Edo Nor-(r)en iritzia:

    IRAKURLE BATEN GALDERAK KRITIKA HONEN AURREAN

    Zer da kritika bat? Zer liburua? Iruzkina, zer? aaaaaaaaaaaaargh… Eta hau? Eta hau?

    Nor da Savater? Nor Montoia? Juaristi, nor? aaaaaaaaaaaargh…. Eta ni? Eta ni?

    Non dago Plisti? Non Plasta? Euria, non? aaaaaaaaaaargh… Eta… eta…. ???

  2. G-(r)en iritzia:

    kRITIKAK ANT - LOGIKOA.
    EDO LOGIKA AURREKOA (ANTELOGIKOA).
    EDO HAURRELOGIKOA HOBETO ESANDA HAURREN LOGIKA.
    HAUXE DA FELIPE.
    nI NERE LIBURUAZ HITZEGITEA ETORRI NAIZ (UMBRAL)

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5