Sortzaile familia baten potreta
Hau ere idatzi genuen-eta…
Evari gure bigarren omenalditxoa:
Oso ohikoa ez bada ere, familia bereko hainbat kide sortzaile nabarmenak izan daitezkeenaren adibide dira Alfonso Sastre, Eva Forest eta hauen ondorengoak
Estereotipoak pixkanaka puskatzen ari badira ere, indarrean dirau oraindik urte luzeetan zehar nabarmendu den gizonezko sortzailearena, atzetik emazte prestuaren nahiz familia osoaren “babesa” duen artistarena. Hauek bai artistak, lan zikina beste norbaitek egitea lortzen dutenak! Horren aurrean, ordea, badira etxe bakan batzuk, topikoen gainetik sorkuntzaren benetako habi bilakatu direnak. Horietako bat, zalantzarik gabe, Sastre-Forest familiarena dugu, letren munduan izen garrantzitsuak eman dituen familia emankorrarena. Ez dira asko izango gurean, etxeko lau pareten baitan hainbeste talentu biltzen duten sendiak.
Alfonso Sastrerengandik hasiko gara, ordena kronologikoa errespetatzearren. 1926. urteko otsailaren 20an Madrilen jaioa, antzerkigile gisa ezagun, aintzatetsi eta, azkenaldian, saritua da Alfonso Sastre (Ohorezko Max saria, Espainiako Letren Kixote saria, Donostiako Antzerki Feriaren Victoria Eugenia saria…). Egileak berak kontatzen duenez, modu bitxian piztu zitzaion liburuenganako maitasuna: “nire etxean ez zegoen liburutegi handirik. Aita aktorea nuen eta antzerki liburuxkak izan bazituen, baina ez, esaterako, olerki-libururik. Zoriak eraginda hasi nintzen ni olerkiak irakurtzen: Gerra Zibileko lehen hilabeteetan, gure etxe aurreko komentu bat erre egin zuten, eta su eman ziotenek leihotik behera bota zituzten bertako liburuak. Hamar urte neuzkan eta haietako liburu batzuk eraman nituen etxera. Esan daiteke beraz, nire bokazioa liburu-lapurreta batekin hasi zela”. Match Point filma ikusi duenak badaki, Woody Allenek gustura sinatuko lukeela zoriaren garrantziari buruzko pasarte hau.
Antzerkigintzan egindakoengatik famatu, baina poemak idazten hasi zen Alfonso Sastre gaztea, gaua argitzen zuen lanparapean. 2004an argitaratu zen Sastreren poemagintza biltzen duen lan mardula, Obra lírica y doméstica. Poemas completos izenekoa. Argitalpen horren karietara gainera, Mikelazulo elkartekoek omenalditxo xume baina hunkigarria egin zioten Sastreri. Olerki bilduma horretaz gain, lanik gomendagarrienen artean daude Escuadra hacia la muerte, (1953), La taberna fantástica, (1966), Jenofa Juncal (1983) edota Demasiado tarde para Filoctetes (1989) antzerki obrak. Saiakera eta narratiba lanak ahantzi gabe, noski.
Eva Forest ere letren munduan nabarmendu da batez ere, baina, bere hitzak erabiltzearren, “premiazko literaturan” fikziozkoan baino gehiago. Errealitate sozial eta politikoarekin estu lotutako idatziak izan dira Eva Forestenak: Operación Ogro (1974), Diario y cartas desde la cárcel (1975), Tortura y Democracia (1987) edota Irak, ¿un desafío al nuevo orden mundial? (1999) horren adibide. Bere biografiari errepaso laburra emanez gero, Bartzelonan, familia anarkista batean jaio zela jakingo dugu. Aitak eskola errepresiorako erakundea zela zioenez, zoriontsu igaro zuen Evak haurtzaroa, eskolara joan gabe, etxeko lorategi handian.
Kazeta honi eskainitako elkarrizketa batean aitortu zuen bezala (ikus XIRIKA 99), medikuntzako ikasketen laugarren urtean hasi zen kontzientzia soziala hartzen, bi gazte hurbildu eta presoentzako sendagaiak eskatu zizkiotenean. “Baina, zer preso?” erantzun omen zien Forestek.
1955. urtean ezagutu zuten elkar Eva Forest eta Alfonso Sastrek. Harreman horretatik hiru seme-alaba jaio ziren. Honela idatzi zien Alfonso Sastrek Carabanchelgo kartzelan bahituta zeukaten garaian: “Salud Juan habanero!/ Salud Pablo romano!/ Salud oh Eva matritense!/ Escribo esta Balada/ en momentos muy graves/ pero sabed que creo/ en nuestro porvenir”. Rogelio Botanz kantautoreak poema hau eta beste hainbat oinarri hartuta disko eder eta gomendagarria atondu zuen 2004an: Rogelio Botanz canta a Alfonso Sastre.
Eta Sastre-Forest tandemak letren munduan jarraipena duela konfirmatzeko hortxe dugu adibide garbia: Pablo Sastre semea. Azken nobela argitaratu berri du Susarekin, Enpleguaren arbola, eta modu horretan ibilbide literario sendo eta, momentuz, behar bezala aitortu gabea zabaltzen ari dela konfirmatu du. Denborak jarriko al du bakoitza bere lekuan!
Maiatza 27th, 2007 at 11:48 am
Eva Forest habita ya para siempre las aguas de la bahía de Txingudi
http://www.gara.net/paperezkoa/20070527/20586/es/Eva/Forest/habita/para/siempre//aguas/bahia/Txingudi
Ekaina 1st, 2007 at 7:33 pm
http://www.gaztesarea.net/info/berria.php?id=8317
Ekaina 1st, 2007 at 7:34 pm
http://www.gaztesarea.net/info/galeria.php?galeria=8317&id=8317