KRITIKA ANTOLOGIKOAK (II)

Ez dugu ezer Felipe Juaristiren kritiken aurka. Baina alde ere ez.

Poetika

Felipe Juaristi

“Poetikak & Poemak”
Antologia
Erein, 2005

        Bost poeta, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia, Castillo Suarez eta Kirmen Uribe bildu ditu Iban Zalduak liburu hau paratzeko. Antologia edo dena delako hauetan komenigarria izaten da hitzaurrea irakurtzea, asmoak eta helburuak zein diren jakiteko. Iban Zaldu narratzaile eder horrek idatzi du: “Ez dut sinesten poesia beste literatura-generoen gainetik dagoenik, inondik ere”. “Inondik ere” kategoriko hori gustatu egin zait, izugarri. Nik ere ez dut uste poesia beste literatura-generoen gainetik dagoenik, baina beste arrazoi batengatik. Poesia da literatura-genero bakarra eta gehiago ere esango nuke. Poesia artea da. Eta artea poesia da. Poesia ez den oro, artearen mugetatik kanpo dago. Beste kontua da modernidadearen pentsamendu arautzaileak poesiaren barruan jarri dituen sailak: eleberria, narrazioa, lirika eta abar. Beste kontua da gaur egun poesiaren esanahi murritza onartzea: poesiaren izenean hitz laua ez den guztia onartzea. Beste kontua da gaur egun poesiatzat jotzea, ikuspuntu estetiko edo artistikotik inondik ere poesiatzat har ez daitekeena. Beste kontua da poetak onartu egin duela nahasketa hori, eta konformatzen dela bertsoak egitearekin, metaforak pilatzearekin, hitzak esatearekin; onartu egin duela poesiaren estereotipoa. Horrelako zerbait, baina hitz desberdinez, esaten du Rikardo Arregi Diaz de Herediak, esaten duenean “esaten ez dudana da esaten dudana”. Poesiak mugetara jotzen du beti, argitik ilunera, ederretik zatarrera, baketik gerrara, pozetik tristurara, baretasunetik dardarara, ziurtasunetik zalantzara, hitzetik isiltasunera. Hori da artearen ibilbidea; horixe bera poesiak egin beharko lukeen ibilbidea, aurrekoen aldean desberdina izanik, aurrekoen arrastotik joanik. Orijinala izanik, “jatorria” ahantzi gabe. Poesia misterioa da oraindik; poesia harridura da; poesia ezkutaleku bat da; poesia hasiera da eta helburua; poesia dena da, edo bestela ez da ezer.

El Diario Vasco, 2005-09-23

zabaldubildudel.icio.us

”KRITIKA ANTOLOGIKOAK (II)” istorioak 4 iruzkin ditu.

  1. gorka-(r)en iritzia:

    Ezin ukatu kritika antologikoa denik! Honi esker badakit “Poetikak & Poemak” liburuan poesiaz hitz egiten dela. Kritiko gutxik lortzen dute hain testu laburrean mamiya (ohar mentala, postretarako beste zerbait hartu behar nuen, yougurt bat adibidez) hain erraz ekartzea.

    Eta Felipe Juaristi, nola esan, hain da… Felipe Juaristi!

  2. Ene Eme-(r)en iritzia:

    Poetatasuna nork ukatuko dio? “Poesia dena da, bestela ez da ezer”. Liluratu egin nau. Kautibatu. “Poetikak & Poemak” liburua bikain laburbildu du. Hatzetako mamiyak higatuko zitzaizkion testu hau idazten eta berridazten, hezur zuritan uzteraino.

    Kritiko guztien mesanotxean izateko moduko testua. Hau ez bada poesia, esaidazue, zer?

  3. imanol-(r)en iritzia:

    Ni nire liburuaz hitz egitera etorri naiz. Pakok esan zuen bezala.
    Ona naiz eta gainera harro nago.

  4. anonymuos-(r)en iritzia:

    “esaten ez dudana da esaten dudana”

    Felipe Juaristi zuek baino azkarragoa da zentzu batean, eta kasu honetan esan eta esaten ez duena da: edo bilduma txarra dela edota poeta horietakoren bat ez duela poetatzat hartzen, letrak idazten dituen lotsagabetzat baizik. Kastillo Suarez hor tartean egonda litekeena azken hipotesi hau. Kirmen uribe eta miren agur bilduman egoteak gainera indar handiagoa ematen dio nire teoriari. Kritikak egitea zaila da eta zoritxarrez, kritika positiboak besterik ez dira irakurtzen eta literatura, dela poesia dela nik zer dakit, zerrikeriaz beteta dago. Nola liteke? Nori/Zeri egiten dio kalte honek? Nori ez?

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5