“Nahi izan dudana idatzi dut inolako mugarik ezarri gabe”

taperware's photo from 06/01/07 

Mugalari, 07/06/02

Argazkia: Oriol Clavera handia (fenomeno!)

Homosexualtasuna publikoki aitortu duen lehen arabiarra izateagatik egin zen ezagun Abdela Taia (Salé, Maroko, 1973). Baina etiketen gainetik idazlea da, bere istorioa literatura bilakatu duen idazlea.  

Eta derrigorrezko zaigu hori aipatzea, akaso bestela bere lana ez baikenuen ezagutuko ere. Kontziente da Taia bera, “marketingaren kontuak, noski”. Hiru nobela idatzi ditu orain arte: “Mon maroc”, “Le Rouge du Tarbouche” eta “L´armée du salut”, Alberdania etxeak euskaraz eta gazteleraz argitaratu berri duena. 

- Nola definituko zenuke zure hirugarren nobela?

Salbazioko armada ahots baten aurkikuntza dela esango nuke. Liburuak dituen hiru kapituluetan, gero eta gehiago hurbiltzen naiz askatasunera, neure burua gehiago ezagutu eta askatasunaren mugekin areago esperimentatzen dut. Nondik natorren sekula ahantzi gabe, mundua eta pertsonak azaltzeko gaitasunak gorantz egiten du. Batek pentsa dezake nire homosexualtasunaren deskubrimendua dela liburuko gauzarik garrantzitsuena. Ez nago irakurketa horren kontra, baina ez zen hori hasierako asmoa.  

- Aitorpen pertsonaltzat har dezakegu?

Aitorpena egitea baino, istorio bati erreparatzea izan da nire nahia. Gizarte-maila apaleko gazte marokoar baten istorioa kontatzen dut liburuan, gaur egun Parisen, Mendebaldean, bizi den gaztearena. Bizitza horren hiru une funtsezko azaltzen ditut eta istorioak aurrera egin ahala, gaztea nola barneratzen den bere askatasunean eta bere buruaren ezagutzan. Pixkanaka protagonistak onartu egiten du dena, bere sexualitatea, bere burua aurkitzeko beharra. Hori oso garrantzitsua da. Ez dago inolako kontu-garbitzerik, liburuko gauzarik bortitzena ere xamurtasunez kontatzen baita: harreman gatazkatsuak, kontrako desioak, eteten diren maitasun istorioak kontatzen ditut, baina beti xamurtasunez.  

- Nahiz eta zure sorterrian, Marokon, delitu izan, liburu honetan oso modu naturalean bizi da homosexualtasuna, eta sexualtasuna orokorrean.

Idazketa prozesuan, hau da, orri zurien bitartez nire obsesioak azaltzen ditudanean, erabateko askatasunean sentitzen naiz. Ez inork, ez ezerk ez du esku sartzen sortzen ari naizen horretan. Eta askatasun horrek, hain zuzen, uzten dit nahi dudan guztia esaten. Nire asmoa ez da jendea harritzea, alderantziz, barruan daraman guztia eskaini nahi dut, opari baten gisan: papera kendu, kutxa ireki eta barruan dagoena irakurtzera eman. Nirekin daramadan mundu hau erakutsarazi, baina baita naizena ere.  

- Kontziente zara irensten zailak izan daitezkeen pasarteak azaltzen direla liburuan?

Badakit liburuko hainbat gauzek irakurlea harri dezaketela. Idatzi eta gero konturatu naiz horretaz, idatzi bitartean oso naturala iruditu zait dena. Zuk zeuk esan duzu modu naturalean kontatu ditudala gauzak. Nahi izan dudana idatzi dut, uneoro, inolako mugarik ezarri gabe. Jarriko banintz pentsatzen jendeak zer pentsatuko duen, ez nuke ezer idatziko! Idaztea, fikzioaz ari bagara ere, barruan daramagunaren, garenaren errebelazio bortitz gisa ulertzen dut. Nahiz eta intzestu edota pedofiliatzat har dezakegun pasarterik ez aipatu. Liburu bat idaztea, argitaratzea eta irakurtzea ekintza bortitzak dira. Ez diot neure buruari inolako autozentsurarik jarri beharrik, nigan inposatzen den hori idazten dut, eta kitto. Horrela ez balitz, ez nuke ezer idatziko. Anaia nagusia desiratzea gaizki egon daiteke besteren begietan, baina nik ez dut horrela ikusten. Gainera, literaturak gaizkiaren beharra ere badu. Ongia, nahiko aspergarri egiten da azkenerako.

- Arabiarra eta homosexuala. Listo, erantsi dizkizute etiketak.

Bi etiketa horiek ezarri izanak ez nau nardatzen: arabiarra naiz eta homosexuala. Badakit, gainera, literatura jende gutxiri interesatzen zaion kontua dela eta liburu bat saltzeko horrelakoak erabiltzen direla. Arazoa gero etor daiteke, gizarteak modu horretan soilik sailkatzen banau. Nik ez dut idazten homosexuala naizela adierazteko, ez dut literatura homosexuala egiteko asmorik. Erabat aske naiz idazten dudanean eta badakit homosexualtasunak arazoak sor ditzakeela oraino, are Marokon, baina saiatzen naiz neure burua behintzat ez ezkutatzen.   

- Frantsesez idatzia eta Frantzian argitaratua. Mendebaldeko irakurlearengan pentsatzen idatzi duzu nobela?

Idazten dudanean ez dut irakurlearengan pentsatzen. Arraroa irudi lezake, baina niretzat idazten dut. Istorio bat bizi bada nigan, zerbaitek obsesionatzen banau, atera egin behar dut, idatzi, hori da dena. Noski, testuinguru baten baitan idazten dut, hizkuntza batean idazten dut eta hizkuntza hori ezagutzen duen irakurleari zuzentzen natzaio. Baina frantsesa menperatzen badut ere, marokoartasunetik asko du nire frantses honek. Ziur naiz ez dudala frantziar batek bezala idazten frantsesez.  

- Irakurle europarrak hobeki ezagutuko du arabiar kultura zure liburuarekin?

Agian bai, baina ez dut arabiar munduaren ordezkari izateko desiorik. Mundu horren emaitza naiz, nire baitan daramat arabiar imajinario osoa. Era berean, mundu horren baitako ibilbide indibidual bat naiz, diferente sentitzen naiz eta diferentzia horrek utzi dit aurrera ateratzen. Idazteak lagundu dit mundu horrek nitaz duen iruditik ateratzen, kartzela horretatik ihes egiten. Existitzen, azken batean. Gaur egun, bi munduen artean nago, horrek dakarren gauza on eta txar guztiekin.  

- Eta hizkuntza, zuk aukeratzen duzu edo berak aukeratzen zaitu zu?

Nik ez dut inoiz aukeratu frantsesez idaztea, arrazoi sinple bategatik: sekula ez dut idazle izan nahi izan. Nire ametsa zinegile izatea izan da eta da, oraindik. Amets hori betetzeko, Parisa etorri beharra nuen, frantsesa menperatu, eta horrexegatik espezializatu nintzen frantses literaturan unibertsitatean. Bertan ikusi nuen nire frantsesa ez zela ona eta hizkuntza menperatzeko eta zinemagile izatearen ametsa betetzeko, eguneroko bat idazten hasi nintzen, frantsesez. Eguneroko hori bilakatu zen literatura. Nigan zegoen mundu hori inposatu egin zitzaidan areago, literatura egin zen arte. Beraz, nik ez dut aukeratu frantsesa, idazle izatea aukeratu ez dudan bezala.    

- Esanahi berezik ba al du zuretzat euskarara itzulia izateak?

Egia esan, ez nuen uste itzulia izango nintzenik ere! Lehen aldia da nire liburu bat itzultzen dutena eta, gaztelerara ez ezik, euskarara ere itzuli izanak oso zoriontsu egin nau. Niretzat frantsesez idaztea dagoeneko itzulia izatea da, nire ama-hizkuntza, arabiera, kontuan hartzen badugu. Baina orain, itzulpen hauekin, liburuak eskuetatik ihes egin didala sentitzen dut, jende berri eta desberdin batengana zabalduko dela nire istorioa. Eta hori benetan miresten dut.

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5