UDAKO GOMENDIOAK
Abuztu on eta irailera arte!
Mugalari 07/07/28
- “Sagarrak Euzkadin”
- Inazio Mujika Iraola
- Alberdania, 2007
Ipuin bat da Sagarrak Euzkadin, ipuin luze bat, 36ko Gerran girotua. Bai, badakit nobelak dituzuela gustuko eta kopetaraino zaudetela ditxosozko gatazka horri buruzko liburuen argitalpenaz, baina Inazio Mujikaren lan honek merezi du irakurtzea: kontatzen duen istorioagatik (interesduna eta ederki harilkatua), baina baita, eta bereziki, istorioa kontatzeko moduagatik ere. Liburuaren osagarri, artxibo-argazki sorta ederra.
- “Kaxa huts bat”
- Beñat Sarasola
- Susa, 2007
Azkenaldian argitaratutako poema bildumarik sendo eta interesgarriena da Sarasolaren estreinako hau. Kaxa huts batean, poesia eta literaturaren, idazlearen belaunaldiaren eta gaur egungo bizimoduaren gaineko gogoeta mamitsuak irakurri ahal izango ditugu, poema narratibo eta irakurterrazetan bilduak, umore dosi doiak azken emaitza borobiltzen duela. XXI. mende hasiera honetan poesia egin daitekeenaren adierazgarri paregabea.
- “Ravel”
- Jean Echenoz
- Euskaratzaile: Gerardo Markuleta
- Meettok, 2007
Meettok argitaletxe gazte eta, hala ere, interesgarriaren eskutik, frantziar idazle handienetakoa den Jean Echenozen azken nobela laburra irakurtzeko aukera dugu orain, euskaraz. Ziburun jaiotako musikagile ezagunaren azken hamar urteen berri emango digu Echenozek, berezko duen estilo berezi eta ironikotik iragazita beti. Ravelen bizitza fikzionatua zein idazle frantziarraren estilo propioa, horra liburua irakurtzeko bi aitzakia.
- “Mailuaren odola”
- Aingeru Epaltza
- Elkar, 2006
Nafarroako Erresumaren konkista urteetan kokatua, akzioa eta gogoetarako aukera nahasten dituen nobela historikoa da Aingeru Epaltzaren azkena. Joanes Mailu fikziozkoarekin batera bidaiatuko gara garai gatazkatsu bezain mamitsu hartara, eta gure historiaren aro hori fikziotik ezagutzeko aukera izango dugu, modu argigarrian oso. Bakan eta bikain izateagatik gomendatzeko moduko nobela, aspalditxoan argitaratu den txukunenetakoa, dudarik gabe.
- “Jalgi hadi plazara”
- Itxaro Borda
- Susa, 2007
Ia hamar urtez desagertua egon ondoren, bere pertsonaiarik ezagunena berreskuratu du Itxaro Bordak, Amaia Ezpeldoi. Detektibearen inkesta berri honekin gozatu besterik ez du egingo irakurleak, gozatu eta irri. Bilbo aldera garamatza oraingoan Ipar Euskal Herriko lau euskaltzainen desagertzearen ikerketak, eta hortik, Euskal Herriko geografian barrena zabalduko da, abiada biziz. Ezpeldoi ezagutzen ez duenak sorpresa atsegina hartuko du.