SABICAS, IRUÑEKO IJITOA

Zaharra da, kolektiboaren lehenetarik.

Baina kariñoa diogu, ezer berririk izan artean.

 

Flamenko hitza entzun eta bati baino gehiagori muturra okertuko zaio, hitz itsusi edo arrotzen bat entzuten ariko balitz bezala. Izan ere, asko eta asko dira oraindik ere flamenko musika Rocio Jurado edota Isabel Pantojarekin lotzen dutenak, eta noski izen horiek gogora ekarrita, nork ez luke muturra okertuko? Bada, gainera, flamenkoa elementu kolonizatzailetzat hartzen duenik ere, inperioak inposatu nahi duen eredu kulturalaren ikurtzat. Gauzak, ordea, pixkanaka aldatzen ari dira eta gero eta gehiago dira flamenkoaren benetako jarraitzaile bilakatzen ari diren euskal herritarrak. Benetako flamenkoarena, noski, ez telebistatik saldu nahi diguten folklorismo txatxu horrena.

Eta behin bilatzen hasita, bada, topo egingo dugu gure Euskal Herri honetan ere ez dela erabat arrotza izan musika genero hau. Hortxe dugu, esaterako, Carlos Itoiz gitarra jole iruindarra, Mikel Laboarekin kolaboratzeaz gain, Jose Meneseren tamainako cantaor edo abeslariekin jo izan duen maisua. Gogoratu Laboaren beraren Mugak abestia, Camaron handiari eskainia. Baina orain arte, Voltairek esango lukeen bezala, “Pirinioen oinean kantuan eta dantzan egiten duen herri txiki” honek eman duen flamenko musikaririk handiena, zalantzarik gabe, toquean nabarmendu zen, gitarra jotzen alegia. Sabicas zuen izengoitia.

Agustin Castellon Campos, Mañueta kaleko 4. zenbakian jaio zen, Iruñeko alde zaharraren bihotzean, 1912. urtean. Jarauta, Arrotxapea edota Atarrabian bizi izan zen haur denboran, eta garai urrun hartakoa da gitarrarenganako zaletasuna. Txiki txikitatik harrapatu zuen flamenkoak Sabicas, baba gordinak jatea gustuko zuen umea (el Niño de las habicas deitzen zioten, hortik izengoitia). Eskuetan eusteko lanak zituenean erosi zioten gurasoek lehen gitarra, 17 pezetaren truke. Handik bi urtetara eman zuen jendaurreko lehen kontzertua, Gaiarre antzokian.

Gitarra-jole profesionala

Baina Sabicasen bizitza artistikoa markatu zuen gertaera 10 urte zituenean gertatu zen, Madrila joan baitzen bizitzera. Bertan, gitarra jole profesional gisa hasi zen lanean, eta hurrengo urte horietan momentuko cantaor ezagunenekin batera aritu zen, besteak beste, Juanito Valderramarekin. Gero, gerra zibila etorri zen eta erbestea. Une horretan Carmen Amaya bailaoraren eta Sabicasen bizitzak gurutzatu egin ziren, eta Hegoamerikan zehar bira arrakastatsua egin zuten elkarrekin. Bake eta askatasun giro bila, New Yorken hartu zuen ostatu gitarra-jole iruindarrak eta han iragango zituen bere bizitzako urterik garrantzitsuenak, bakarlari moduan ospea eskuratuz.

Estatu Batuetako hiri horretan ezagutu zuen Paco de Luciak. Sabicasi buruz, honela mintzo da inoizko gitarra-jolerik handiena: “New Yorken ezagutu nuen Sabicas… beragan gitarra jotzeko modu berri bat ikusi nuen, berria zen zerbait…” 1966an flamenkoa fusionatzeko lehen saiakera egin zuen, Joe Beckekin batera, “Rock encounter” diskoaren grabatzearekin. Baina, dena dela, Sabicas antzinako eta gaur egungo gitarra flamenkoaren kate-begia izan zen. Paco de Luciak baieztatzen du tesi hori: “Sabicas deskubritu nuenean, gitarran beste zer edo zer bazegoela ohartu nintzen. Berarekin, soinu garbia ezagutu nuen, momentu hartara arte ezagutzen ez nuen abiadura, jotzeko modu berri bat, finean”.

Jazzaren maisuekin (Gill Evans, Thelonius Monk, Miles Davis) harremana izan bazuen ere, bere pasioa flamenkoa zen. Hala dio testigantza batek: “eguna eta gaua jotzen ematen ditu, eta beste gitarra-jole batzuen bisita jasotzea atsegin du. Ez du dakiena erakusteko inolako erreparorik. Baina, badaki, berak ez beste inork ezin izango duela erakutsitakoa behar den moduan jo”. 1990ean itzali zen Sabicas, Bronxeko ospitale batean. Lehenago, 82an, bere hiriak urte hartako San Fermin jaiak eskaini zizkion, Iruñeko ijitoari.

 

 

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5