Xabier Montoiak eta Fernando Reyk irabazi dute Euskadi literatura saria

Berria, 07/11/07

kritikak esana

Erosokeria(k), zilborkeria(k)

Iratxe Retolaza - Berria

« (…) Euskal Hiri horretan leiala izatea ezinezko dirudi. Pertsonaietariko batzuk azpikeriatan eta saldukeriatan ibiliko dira, haiek horrela erabaki dutelako, erabat kontziente. Beste batzuetan, leialtasuna ezinezko egingo zaie pertsonaia batzuei, zintzotasuna zeri zor dioten ere ez dakitelako, zintzotasuna bera antzemanezin bilakatzeraino. Horiek horrela, narrazio hauetan guztietan zintzotasun eta leialtasunarekin (edota ezarekin) loturiko hainbat galdera zabaltzen dira, eta bide beretik, epailetzaz gogoeta egiten da (nork behar luke epaile eta nork epaitu?). Ildo beretik, biktima eta borreroen inguruko hausnarketak ere zabaltzen dira (nor ote biktima?, nor ote borrero?). Azken batean, arduren eta arduradunen inguruko hausnarketak dira narrazio hauetan guztietan harilkatzen direnak. Jakina, euskal hiritar guzti-guztiek arduraz jokatu ordez, edo zintzotasunez jokatu ordez, erosokeriari eta zilborkeriari men egingo diote, nork bere interesak defendatuz (ekonomikoak, politikoak, ideologikoak edota pertsonalak). Hiritar hauen erosokeriak eta zilborkeriak irudikatzeko, narrazio gehientsuenetan hitzen eta ekintzen arteko amildegiak irudikatu dira.

Hipokrisien mundu-ikuskera hau sortzeko gaitasuna ez ezik, badu bilduma honek bestelako meriturik. Narratzaileek irakurle hau hipokrisiaren bide anitz horietara hurbilaraztea lortu dute, hipokrisiaren zenbait pitzadura larruan sentitzeraino: batzuetan, hasierako sentsazioetan ohartarazi bezala, irakurle honek erosokeriara jo duela ohartu da, proiektu narratibo anbiziotsua narrazio aleetara mugatu izanagatik; besteetan, irakurle honi iruzur egingo dio narratzaile traidoreren batek, eta haren azpikeriatan harrapaturik sentitu du bere burua; eta beste batzuetan, irakurle honek bere azpikeria eta hipokrisia papereraturik sentitu du, pertsonaia batzuen jokaerak hurbilekoak sentituz. Zilborkeriak jota, ni neu (…)».

Utopia sutan

Aritz Galarraga - Gara

«(…) Esan dugu narraziook erreferentzia egiten diotela arestian aipaturiko Euskal Hiriaren hausnarketari, baina Atxagak planteatzen zuen elkarbizitzarako eremu utopiko idealaren aldean, ’sutan’ dagoen errealitatea da Montoiak deskribatzen duen Euskal Hiria, ‘erokeriari eskainitako monumentu txepela’: bikoteen gorabeherak, guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertuak, drogek utzitako arrastoak, garapenaren izenean irekitakoak, politikarien, polizien gehiegikeriak… dira hiri honetako protagonista, esperantzarako tarte estua uzten duen Euskal Hiri honetako protagonista. (…)

Gaur egungo Euskal Herriaz hitz egiten duen literatur lan nabarmenen artean kokatzekoa da, dudarik gabe, Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan.

Errealitateak fikzioa gainditzen duela, hala dio esaerak. Eta egia da inondik inora. Baina errealitatea ulertzeko fikziora jotzen dugu oraindik orain gizakiok, ezer konprenituko badugu, beharrezko zaigulako fikzioa. Errealitatea ulertuko bagenu, ez legoke, noski, fikzioaren beharrik. Eta horrexegatik dira ezinbesteko Xabier Montoiak idatzitako azkenaren gisako literatur lanak (…)».

Intelektuala eta konpromisoa

Ibon Egaña - Berria

«(…) Pertsonaiaren hautuan eta hari emandako sakontasun, konplexutasun eta biribiltasunean datza, ziurrenik, obra honen erakargarritasun eta iraunkortasuna, hein handi batean. Izan ere, Tabucchik pertsonaia zalantzati, ahul bat marrazten du, iraganera begira bizi dena, heriotzak obsesionatua, bere baitara bildua, eta bere ekintzen eta jarreren zergatiak azaltzerakoan, erantzun gisa ‘ez dakit’ baino askoz gehiago esaten asmatzen ez duena. Tabucchik ez du heroismoa darion intelektual engaiatu eredugarririk aurkezten; haatik, sinesgarriagoa eta hurbilagoa egiten den gizaki hauskor bat marrazten du, bizitzaren norabidea pauso baldarrez erabakitzen duena.

Era berean, pertsonaiaren izaera zalantzatiari eta gaiaren inguruko planteamendu ez-agortzaileari bikain egokitzen zaio Tabucchik erabilitako ahots narratiboa.

Pereiraren lekukotza jasotzen duen narratzaileak zalantzari uzten dio etengabe bidea zabalik, ‘Pereirak dioenez’ makulua behin eta berriz erabiliz. Hala, zirrikituak uzten dira zabalik, dela gaiari heltzerako orduan, dela istorioa biribiltzerakoan (…)».

zabaldubildudel.icio.us

”Xabier Montoiak eta Fernando Reyk irabazi dute Euskadi literatura saria” istorioak 2 iruzkin ditu.

  1. Emea-(r)en iritzia:

    Ederretan ederrena ekarri zenuten behiala zuenera:

    http://taperware.mundua.com/2007/05/04/kritika-antologikoak-i/#comments

    zorionak Pelipe!

  2. Anomino-(r)en iritzia:

    Hau´re earra:

    Euskal irakurleei oharra (Jon Alonso)

    Jon Alonso, idazlea, 2007-11-08

    “Euskadi Sarien antolatzaileei honen berri ematea munta txikikoa-edo iruditu bide zaienez, jakinarazi nahi diet euskal irakurleei niri ere deitu zidala Eusko Jaurlaritzako funtzionario batek, Erretzaileen eremua finalista izendatu zutela esateko.

    Funtzionarioak gaineratu zuenez, parte hartu nahi ez banuen, ukoa idatziz bidali behar omen nien (ez izaki aski, nonbait, duela ia urtebete egindako uko publikoa).

    Horren susmoa eduki banuen ere, ez omen zen broma bat, handik gutxira gutun zertifikatua jaso nuelako, nire liburua aukeratu zela esanez, Haur eta Gazte Literaturaren arloan (ez zen broma bat… edo bai?). Umilazio txiki bat zela iritzirik ere, ukoa bidali nuen, idatziz.

    Orain, ikusten dudalarik Umilazio txikiari beren aldetiko isiltasuna gaineratzen zaiola, idazten ditut lerro hauek, euskal irakurlearentzako informazio osagarri”.

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5