“Poesia da kultura eta hizkuntza baten eztarri zintzoena”

12 urteren buruan, bueltan dator Jose Luis Otamendiren poema liburu berria, “Erlojuen mekanika” (Susa). Erronka zaila zuen: “Lur bat zure minari” gogoangarri hura gainditzea. Emaitza ikusita, ordea, ezin esan gustura geratzeko motibo gutxi dagoenik.   

Geure txikitasunean, ikusmina sortu du “Erlojuen mekanika” bildumak: publikatu eta berehala kritikak, elkarrizketak, aipamenak. Otamendi bera harritu du harrera horrek: “estimatzekoa da, noski, norbaiten arreta piztu izana. Banitatea igotzeko balio dizu, baina, ez ahaztu, banitatearen ibilbidea ere oso motza dela”. Ezagun da badakiela zertaz ari den.  

“Lur bat zure minari” argitaratu ostean “hustuta” geratu zinela adierazi zenuen. “Erlojuen mekanika” erditu ondorenean, zer nolako gorputzaldia geratu zaizu? 

Ez ordukoa bezalakoa. Tentsio handi xamarreko garaia bizi izan nuen aurreko liburua osatzean, baina oraingo honekin lasaiago nago, ez dut ikusten ezer hasi edo amaitu dudanik. Lan berriak baditu desberdintasun edo koskatxo batzuk aurreko poemategiarekin alderatuta, baina ez nau utzi aurrekoak bezala, hustuta. Beste jarrera batekin nago, oraindik impasse txiki batean, liburuak berak sortzen duen zurrunbilo hori dela-eta, baina aurrera begira begiak eta gogoa zabalik. Zer etorriko den ez dakit, baina beste egoera bat sumatzen dut neure baitan.  

Aipatu duzu sakoneko aldaketarik ez dagoela; nabari dira, ordea, tasun berri batzuk.  

Bai, pausoren bat ematen ahalegindu naiz. Neure buruari hori eskatzen nion, gutxienez bestelakoa izan nahi zuen zerbaiten ahalegina suma zedila, eta uste dut lortu dudala. Ingurukoen erreferentziak-eta kontuan hartuta, ni neu nahiko itsu edo begi-labur ibili bainaiz sortze prozesu horretan, batak eta besteak esan didanarekin esango nuke badaudela alde nahiko garbiak aurreko lanarekiko. 

Zeintzuk lirateke? 

“Lur bat zure minari” liburuan ere egunerokotasunak presentzia handia zuen, baina dramatikoagoa zen beharbada. Orain, berriz, egunerokotasun hori xeheagoa bihurtu ote den susmoa daukat. Nire jardunean beti gauza txikiek dezenteko pisua eta presentzia izan dute, baina oraingo honetan eguneroko jarduna maila arruntago batera ekarri dut. Betiko kezkak hor ditut, kezka zibilak edo politikoak. Terminologian, ordea, badago diferentziarik: aurrekoa belikoagoa izan zitekeen. Liburu hura dezente markatu zuen Balkanetako konfliktoak eta gertuagoko beste konflikto batzuek ere bai. Oraingoan distantziamendu handiagoa hartu dut gauzekiko, seguru asko adinak ematen dizun distantziarekin. Hoztasun horretatik patxada handiagoz begiratzen diot gure mundutxo honi, nahiz eta betiko kezkak agerian izan. 

Forma aldetik ere egon al da saiakeraren bat?   

Pentsatu nahi nuke baietz. Ahalegin bat egin dut, kontziente xamarra. Aurreko liburutik banekarren poesia diskurtsiboago baterako jarrera, baina hemen erritmoak markatuagoak dira, errepikapenak, egitura paraleloak, ahapaldiak… uste dut badagoela ahalegin bat neurri batean ahozkora ere gehiago ekartzeko. Azkeneko urte mordoxka honetan jendaurreko emanaldi dezente egin izan ditugu eta horrek nahitaez baldintzatu egiten du zure jarduna, zure esateko era. 

Mundua, jendea eta ni, hitz horiek omen dira liburuan gehien errepikatzen direnak eta, zure hitzetan, poema bildumaren laburpen erradikala.  

Liburuaren klabe batzuk eman nahi eta gehientsuen erabiltzen diren hitzak bilatu nituen: mundua, jendea eta ni. Geure munduaren bertsioa ematen ari gara eta agerian dago hori erabiltzen ditugun gaietan: eguneroko gauzak txikiak, baina baita gure egunerokoaren parte diren bide zibil edo politikoetara garamatzatenak ere. Inguratuta gaude gertaera mordo batez, eta gosaria, ibai ondoko pasiera edo dentistaren kontsulta bezalaxe, presente daude horiek ere, tortura dela edo lan gatazkak direla. Jendearekin lotzen dira gaiok zuzenean: gauzen ikuspegi humanoa ematen saiatu naiz. Goraki hitz egiten dugu normalean eta hemen ere gauzak batzuk altutik esanda egon daitezke, baina aurreko liburuarekiko ahaleginik handiena ahotsa pixka bat apaltzeko saiakeran dago. Hortxe bilatu nahi izan dut identifikazioa eta elkar hartzea irakurlearekin. Eta azkenik, norbere ahotsa bilatzeko eta errebindikatzeko grina ere badago, askotan modu kolektiboan ateratzen dena, maiz “ni” hori “gu” bezala ulertu beharra baitago. Hiru bide horiek horrela azalduko nituzke, motxean. 

Gaiak aipatu dituzu, haiekiko distantziamendua bat. Baina gaiak eurak aldatu al dira?        

Ez gehiegi. Beharbada gaiek hartzen duten pisua da aldatu dena. Adina, eskarmentua, bizi izandakoa eta hainbat kontu sartzen dira tartean. Konstante moduan agertzen saiatu izan naiz gugan zer eragin daukan inguru gertu eta ez hain gertuak: “nik horrela ikusten dut mundua eta nahi nizueke adierazi modu gustagarri batean”. Gai aldetik ez dut aldaketa handirik ikusten. Lirikotasunak gazte aldian pisu handiagoa zuen, gero gatazka sozial eta politikoak gehiago nabarmendu ziren eta ondoren zeure alderdi fisikoak eta adinaren zama bizkar gainean hartzea etorri dira, nahiz eta beti jabetu aldi bakoitzak duen bakardade, isolatze, elkarrekin komunikatu beharraren premiaz.  

“Lur bat zure minari” bilduma jo izan da zeure poesia ibilbidearen gailurtzat. Erronka izango zen nola gainditu aurreko hura, ezta? 

Beste esateko modu bat bilatu nahi nuen, bai, eta neure buruari jarria nion galga zen, 12 urteren buruan, gauza berdina ez egiten ahalegintzea. Aurreikusten nuen horrek blokeo moduko bat ekarriko zidala, beste diskurtso bat bilatu behar nuelako.  

Eta blokeo hori egon da? 

Egon bada oso modu naturalean izan da. Gauza batzuk idatzi eta lehengo bidetik ari zarela ikusten baduzu, saiakera batzuk egin eta ez bazara ailegatu zeure buruari jarritako erronka horietara, normala da blokeo garaia ekartzea. Banekien aipatu huste horrek agorraldi estilistikoa ekarriko zidala, beste klon bat egin nahi ez banuen, behintzat. Horretan ahalegina egin dut eta hori da, akaso, hainbeste denboran isilik egoteko motiboetarik bat.  

Bestelako generoetan aritu arren, poeta zaitugu besteren gainetik. Idazle bakoitzak bere generoa ote dauka? 

Ez dauka zertan. Denok dauzkagu geure mugak eta geure ezinak. Neure kasuan erosoen poesigintzan aritu izan naiz, poesia baliatu dut aurrera egiteko: eroso xamar nabil, trepeta gutxi behar duzu eta esker onekoa zait gainera. Beste generoren batera jauzi txiki bat egin dudanean ere uste dut nabari dela poesiaren ekarria. Baina ez nago ezertara itxita, hemen gauden artean ostikoka jarraituko dugu.  

Euskarazko poesia pattal xamar ote dabilen… 

Ez daukat nik inpresio hori. Uste dut urte txarragoak pasa izan ditugula, alegia, ahots gutxiago entzuten ziren garaiak. Duela 10-15 urte gure adineko eta ondorengoen arteko transmisioa ez zen hain segurua eta egun badaude 30-35 urteen bueltan diren poetak. Atzetik ere ari dira agertzen, segida bat badago. Egia da, gaurko gazteek zaila dute liburua argitaratzea. Horretan guk suerte handia izan genuen garai hartan gauzak beste modu batera ikusten zirelako. Gaur egun hor daude internet, blogak, jendaurreko emanaldiak. Liburua dezente mistifikatu dugu, baina orain adierazpideak gehiago dira, eta errazagoak neurri bateko autogestiorako bideak.  

Zer paper jokatzen du, bada, poesiak euskal literaturan? 

Prestigio handienetako generoa da, beharbada, baina bere egiteko soziala egon liteke zalantzan. Uste dut oraindik ere egite bidean dagoen literatura eta herri batean poesiak baduela zeresana. Egon liteke hutsune nabariagoa beste generoetan, baina poesiak ezin du guardia jaitsi: kultura eta hizkuntza baten eztarri zintzoena da, beti behartzen zaituelako zeuretik zerbait jartzera eta ahalik eta biluzien eta gordinen agertzera. Nahiz eta ikusi beste genero batzuetan egon daitekeela premia larriagorik, horrek ezin gaitu eraman estrategia likidazionista bultzatzera, inondik ere. Poesiak egiteko oso inportantea du eta izango du, eta eutsi beharra dio egiteko horri. Datorrela, pausoan-pausoan, genero bakoitza ahal duen kolpea jotzera.

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5