ARGAZKIEN ZENTZUAN BARRENA BIDAIA

foto de taperware en 3/12/07

Haritz Zubeltzuren kritika. On egin.

Fernando Pessoak “gauzen misterioa” poeman zioen munduan diren gauzen misterio edo atzealdeari buruz galdegiten diogula geure buruei nekerik gabe. Baina Pessoaren ustez, gauzen misteriorik handiena honakoa da: gauzek ez dute misterio edo atzealderik Pessoaren kontra errebelatu den komando literario bezala defini dezakegu Taperware Kolektiboa. Imajin eta irudi hutsa ezin baitugu huts-hutsean “ikusi”, zentzuz kargatuta dator beti, eta ikuslerik pasiboena ere beti izango da interpretatzaile aktibo. Hori izan da aldamenean dagoen liburuaren argazkia ikusi dudanean otutako lehen ideia. Sarrionaindiak irudi baten interpretazioak duen zentzuen aniztasuna ederki asko erakutsi zuen “SOS” forma duen irudia ikusten duen bidaiariaren kasuan. Bidaiaria “SOS” horretara hurbildu ahala konturatzen da menturaz forma hori hartu duen inurri saldoa besterik ez dela eta, beraz, “SOS” horren atzean ez dagoela mezurik, ez dela sinbolo bat. Taperware kolektiboaren beste ezaugarri baten berri emateko bide ematen du irudi horrek: inurri talde bat da Taperwaretarrena, baina, SOS beharrean “MEKAGUEN SOS” forma hartu duen inurriak dira. Liburuaren hasieran dioten bezala “gaur egungo bizimoduaren kritika azidoa” egiten baitute. Ez pentsa bestalde, irakurleari liburuak pentsamendu kritiko koherentea bat-batekoan eskainiko dionik. Irudiz kargatutakoak dira gure kale eta paisaiak: litxarkeriak, maniki bilutsiak, piperraren parke tematiko bihurtutako herriak, ardien eta zezenen arteko borrokak kotxeko pegatinetan, bertsopadak, palmondoak euskal paisaia bukolikoetan… kalera argazkiak ateratzera abiatu dira Taperwareko inurriak eta kalea bezain koloretsu eta zentzugabe den gaien entsalada batuz. Irakurleak izango du gero zeregin inpresio guzti horietatik interpretazio berriak eginez hausnarketaren ur sakonagoetan sartzeko. Baina mesedez, ez galde ea Taperwarekoak horrekin guztiarekin hausnarketa sakonen bat egin duten filosofoak diren. Beharbada bai, edo agian ez. Hartara, gauzak sailkatzeaz nekatu den botaniko eroa izan daiteke taperware kolektiboa: kaleko estimulo amaitezinei begira argazki albumak egitera dedikatzen den jubilatu aspertua. Irakurle-ikusleak ordea, hausnarketarako gonbidapenak jasoko ditu orrien joan etorrian. Partxis jokoan bezalaxe arituko da laukitxotik laukitxora, amaierarik ez duen jokoan argazkiak interpretatzen. Gizon posmodernoek bezala nondik norakorik gabe sentituko da, baina, zergatik ez, batzuetan bidea egite hutsak merezi du, nazkatuak baikaude ajenda eta ordulariekiko zitez bezainbeste, teoria itxi eta pentsamendu dogmatikoez.Azkenik ohartxo bat tonuari buruz, zuzen-zuzenean afektatzen baitio egiten duen kritikaren edukiari. Filosofoek, Sokratesek esaterako, eztabaidarako absurdurako erredukzioa erabili izan dute argudio estrategia lez: arerioaren posizioak hasieran bere egin ondorioen katean absurdura daramatela erakusteko. Halakoxea da Taperwareren ironia edo umorea. Enpresarioekin, gerra turista katalanekin, astoen egoskorkeriarekin, edota golflari euskaldunekin lerratzen da etengabe postura horien erridikulua ironia finez erakusteko. “Kobazuloko ironia” deituko diogu umore beltza eta wazemankekoa baina rh negatiboagodunagoa den umorea etiketa bakarrean adiskidetzeko (“ingeles umore”aren moduan euskal ironiaren subiranotasuna aldarrikatzen du Taperwarek!). Zer esan bada, egilea zoriondu nahiko genuke. Ea afari batera gonbidatzen gaituen. Esan digutenez Bar Puerton dago taloa, sagardoa eta txistorra lagun duela. Geurean behintzat plazer handiz irakurri da: errealistek “ondo ziok” iritzi diote, eszeptikoek berriz, “etziok gaizki”.     

zabaldubildudel.icio.us

”ARGAZKIEN ZENTZUAN BARRENA BIDAIA” istorioak iruzkin 1 du.

  1. Antton Ihartzegarai-(r)en iritzia:

    Ona, liburu ona, bai horixe.

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5