Miquel Martí i Pol, herriaren poeta

Gutxi izango dira irakurlearengana iristeko bide horretan Martí i Pol poeta katalanaren arrakasta izan dutenak, jendeak irakurri, kantatu eta maite egiten baititu bere poemak.

Katalanek poetarik irakurri eta maite badute, horietako bat zalantzarik gabe Miquel Martí i Pol (1929-2003) dugu. Prosagile eta itzultzaile lanak ere egin zituen, baina poeta bezala da batez ere ezagun eta estimatua, olerki azpimarragarri andana utzi baitzuen idatzita. Olerki horietarik asko gainera, gerora abesti bilakatu dira, Lluís Llach eta beste zenbait musikagile ezagunen ahotsetan. Itzuli ditugun hiru poemok Nova antologia poètica liburuan argitaratu ziren, 1997an.

Gure artean, Joseba Sarrionandiak euskaratutako poema sortatik aparte (Maiatz eta Pamiela aldizkariak, 1984), Martí i Pol-en ezer gutxi aurki daiteke. Gerardo Markuletak literatura unibertsalaren bildumarako egindako poeta katalanen antologia gogoangarri hartan ere (Ibaizabal, 1997), bere arrastorik ez (artean bizirik zelako ote?). Euskal irakurleok dugun ments hori pixka batean arintzeko, hona hemen Martí i Pol-en lanaren lagin txiki-txiki bat. On egin.

EZER GUTXI DUZU

Ezer gutxi duzu:
mahaia eta liburu batzuk,
urrun den eta ahanzten ez duzun
neskaren mira,
eta isiltasun hau, esan gabeko
hitzez betea.
Orain idazten baduzu, hainbeste
malenkoniaren babesean,
tristura ezti baten bideetatik
galduko zara,
ahotsa beldurtia eta gaixobera
bihurtuko zaizu
eta hitz bakoitzean bizitza zati bat
galtzen duzula uste izango duzu.
Utzi dena. Kalean
arratsalde lasaia egiten du.
Ibili. Jendea dago
zuri lagun egiteko.
Ez baztertu deitzen dizun
horizonte bakar bat ere.
Itzultzen zarenean, dena
zentzuzkoagoa eta duinagoa izango da.
Ez duzu ezer ahantziko
-ez da askeagoa ahanzten duena-
baina eskuak ekarriko dituzu
argi berriz beteak.

BARETASUN GALDUA.

Lasaitzen da haizea, itsasoa ere lasaitzen da.
Orain itsasontziak kaira itzultzen ari dira
eta pinuak lokartzen dira senaia ertzetan.
Isiltasun mantu batek gauza guztien
intimitatea nabarmentzen du.
Baretasuna, baretasun galdua
ustekabeko berrelkartze baten antzera.
Oso urrun kantuan ari den ahots bat aditzen da.

LUR BAZINA

Lur bazina zugan haziko nintzateke
eta gozotasun arraro bateko fruituak emango nituzke,
azala ildaskatzen dizuten bideei fidel nintzaieke
eta erraiak zeharkatzen dizkizuten ezkutuko ibaiei.
Itsaso bazina haizea eskuratuko nuke
oihartzun urrun-urrunak zuri esnatzeko.
Euri bazina biluzik hartuko zintuzket.
Baso bazina itzala maitatuko nuke.

Zu bakarrik zauzkat. Koldar
dei egiten dizut gau betean aspaldiko
hitz berberekin. Ilargia horia da
eta hezur-muinak zurgatzen dizkit. Itzultzen zara
neure buruaren oroitzapen gisara eta hatzetatik
lurrera, astiro, erortzen zaizkit
bizi gabe bizi izan ditudan denbora zaharkituaren hondarrak.

Orain gerlarien ordu gorria da.
Hatz geldo-geldoekin marka ezazu argizari berria.
Zabal zaitez lurrean, har nazazu.
Zure surik gabe su batek ere ez nau suspertzen.
Zugana itzultzen naiz eta pausuek burrunba egiten didate
klaustro baten barrutik bideak asmatuko banitu bezala.

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5