ZAHARRAK BERRI

Poeta katalanak (II): Gabriel Ferrater Hiru poema libururekin, gerraondoko poeta katalan garrantzitsuenen artean aurkitzen da Gabriel Ferrater. Zin egin bezala, 50 urteak bete baino lehen egin zuen bere buruaz beste.
Gabriel Ferrater (Reus 1922 - Sant Cugat del Vallès 1972) gerraosteko poeta katalan garrantzitsuenetarikoa da, hiru poema liburu besterik argitaratu ez bazituen ere: Da nuces pueris (1960), Menja’t una cama (1962) eta Teoria dels cossos (1966). Gerora, 1968an, bilduma bakarrean kaleratu ziren: Les dones i els dies (Emakumeak eta egunak). Ferrater berak aitortu zuen, emakumeena zela interesatzen zitzaion gai bakarra eta emakumeek abandonatzen zutenean ekiten ziola soilik “hizkuntzen estudioari”.
Gerra eta haren ostekoak ere, ordea, bikain islatu zituen “Poema inacabat” edota “In memoriam” (Angel Errok partzialki euskaratua, http://bbk.armiarma.com/linterna/poesia040.htm) bezalako poemetan. 50 urte bete aurretik bere buruaz beste egingo zuela esaten omen zuen Ferrater-ek. Eta egin behintzat, egin zuen. Pasadizo horrek kitzikatuta, Justo Navarro idazleak F. izeneko nobela idatzi zuen orain urte batzuk. Euskaratutako poemok lehentxeago aipatu dugun Les dones i els dies bildumatik hartuak dira.
MUTILATUA
Nik badakit ez duzula maite.
Ez esan inori.
Hirurok, laguntzen bagaituzu,
gordeko dugu sekretua.
Beste inork ez dezala ikus
zuk eta biok ikusi dugun hori.
Lagun izan dituzuen
pertsona eta gauzengandik,
ezkutatuko da.
Ez da itzuliko
zu itxaroteko egina den kafera.
“Erre” hizkidun hilabeteak* etorriko dira:
ostrak eta ardo zuria
zerbitzatzen zizkizueten marmolezko
mahaiengandik urrun egongo da.
Euri egunetan
ez dio begiratuko
taxirik aurkitu gabe
oinez joan behar izaten zenuten egunetan
zeuen buruak ikusi zenituzten asfaltoari.
Zutaz hitz egin dioten liburuak
ez ditu gehiago irekiko:
ez du jakingo zer dioten
zutaz hitz egiten ez dutenean.
Eta batez ere, zaude
ziur, ez zuk ez nik
ez dugu inoiz gehiago jakingo non dagoen.
Lur hondo urrunetan
gordetzen joango da.
Ibiliko da baso
lausoetatik. Ez du harrituko
gure memoriaren
azagaia* argiak.
Eta urrun denean
hilik dagoela uste izateko beste,
gogoratu ahal izango dugu eta esan
ez zenuela maite.
Zure hutsunea zenbaterainokoa duen jakiteak
ez digu estuasunik eragingo.
Bizitza eta nahigaberik gabeko
itzal bat bezalakoa izango da.
Erakusleiho bat apaintzen duen
eta gugan inolako eraginik ez duen
Gueule Cassée baten
argazki makabroa bezalakoa.
Oraingoz, ez dezagun esan:
ez dezagun jendea asalda
odoletan den zauri
zornetsua erakutsiz.
Eman diezaiogun denbora eta ahanztura.
Isil gaitezen, inork,
ezta nik ere, nirekin
nahas ezin dezan arte.
* Katalanez “erre” hizkia duten hilabeteak omen dira mariskoa biltzeko egokienak
* Lantza txiki eta arina
AHOTS APALAK
Gure baitan entzun nahi ez genukeen
ahots horietako batek esaten du
berarengatik diru gehiegi xahutu dudala.
Egia da, eta horregatik beldur naiz
eta pixka bat gorrotatzen dut. Bidegabea naiz
eta min egiten dit. Are baitakoago,
beste ahots batek esaten dit
nik bakarrik aurpegiratzen diodala
bidegabekeria hau neure buruari. Berak jakiten badu,
ez du lanik izango ni barkatzen.