MARKOS ZAPIAN I: BONOBOEN ILEA GORA-BEHERA

Zapiain´dar Markosek esandakoak, Mugalari, 08/02/16:
“Leturiaren egunkari ezkutua” argitaratu zenetik 50 urte luze igaro diren honetan, Txillardegiren narratiba lana oso modu pertsonalean aztertzen duen saiakera kaleratu berri du Markos Zapian idazle eta filosofoak. “Txillardegi eta ziminoa” du idazpuru, azken horiek ere bai baitira liburu honen protagonista.
“Txillardegiri beti izan zaio kezkabide, eta liluratu egin du, gizakiaren eta ziminoaren arteko muga lausoak, eta nahasketak”. Hala dio Markos Zapiainek “Txillardegi eta ziminoa” bere azken literatur lanean zehar. Bi amu horiek irentsi eta tira egin du Zapiainek, gora, huntaz eta hartaz diharduen liburu kitzikagarria osatzeraino: ezen bertan ez baita Txillardegiren zazpi eleberrien errepaso soila egiten, ez baita gizakiaren eta animaliaren arteko muga lausoez bakarrik hitz egiten. Abiapuntu soil dira, besterik ez. Gainontzekoa, irakurleak berak aurkitu beharko du.
“Txillardegi eta ziminoa”, Markos, publikatu berri duzun lanaren idazpurua. Aspalditik ari al zara Txillardegirekin lanean?
Txillardegirekin “inpronta” fenomenoa gertatuko zitzaidan ziur aski. Hari entzun nion lehenbiziko hitzaldi politikoa, hamabi urte inguru neuzkala, Irungo Oargi-n, ESBren garaian. Gero hitzaldiz hitzaldi jarraitu nion, Bergarara, Donostiara, Bilbora, Elgoibarrera. Karreran, Zorroagan, ez nengoen bere ikasgaian matrikulatuta, baina hala ere sarritan joaten nintzen Txillardegiren eskoletara. Nerabe lotsati batentzat zirraragarriak ziren Savaterrekin zituen ika-mikak Jaula Magna zelakoan. Koldo Mitxelenaren hiletan elizan sartu eta atzeko atetik hurbil Txillardegi, zutik. Bere alboan entzun nuen meza. Gero, irteeran, giro solemnea gorabehera, emakume batzuek Garaikoetxeari “guapo!” oihukatzen zioten, jeltzaleen haustura sasoia izaki gogorra baitzen tentsioa. Garaikoetxearenak baino biziagoak izan ziren Mitxelenarekiko Txillardegiren harremanak, baina zorionez inork ez zion deus oihukatu.
Eta zergatik ziminoa?
Auskalo, haurtzaroko traumaren bat. Oroitzen naiz udalekuetan, Barrian, Beiren, Abaigarren eta abar, taldeka banatzen gintuztela. Animaliaren baten izena jartzen zitzaien taldeei: “Ziminoak”, “Tximeletak”, “Barakuiluak”… Nik barakuilu nahi izaten nuen, gogo biziz, baina azkenik beti zimino, izorra hadi.
Nondik dator, bada, liburuaren ideia?
Txillardegiren 75 urteak ospatzeko hitzaldi batzuk antolatu zituzten 2004an eta Xabier Mendigurenek antiguatarraren literaturaren berri emateko eskatu zidan. Liburuz liburu ibiltzeko hariren bat bilatu behar. Sasoi hartan San Agustin irakasten ari nintzen. Udazkeneko arratsalde orbeltsu bat zen. Autobusez Azpeitira nindoala, amets egin nuen: aingeru ahots batek “tolle et lege” xuxurlatzen zidan. Apalategira joan, liburu bat hartu eta izenburuak “Txillardegi eta ziminoa” zioen. Esnatu orduko zirriborratu nuen aurkibidea, autobusean bertan. Pozez txoratzen nengoen. Bestalde, nik ez dut etorririk, ziurtasun handirik ere ez nire buruarengan, eta esan beharrekoa ez baldin badut aldez aurretik idazten ez dut botatzen txorakeria baizik, gupidarik gabe sartzen dut hanka, edo isilik geratzen naiz, eta entzuleak deseroso eta urduri. Halatan, hitzaldi bakoitzeko liburu bat. Polita litzateke euskal eleberri modernoaren historia bat idazten joatea, kronologiaren arabera, autore bakoitzak funtsezko gairen bat nola erabili ote duen aztertuz. Hurrengoa “Saizarbitoria eta amodioa” litzateke agian, edo “Saizarbitoria eta perbertsioa”.
Liburuan zehar, behin baino gehiagotan azpimarratzen da Txillardegiren aitzindari papera. Zertan ikusten da argien lan hori?
Narratibara mugatzearren: Eli Laztanguren “Kixmi”ren bidez jakin dut gaur egungo genetistak liluraturik dituela Txillardegik 1957an “Orangutanen ugartea” ipuinean iradoki zuen aukera batek (gizakiak eta ziminoak milioika urtez elkarrekin nahasturik jo zuten larrua, eta nahasketa horren ondorio ginateke edo txinpantzeak edo bestela gu gizakiok); euskal eleberri modernoa abiarazi zuen (Leturia eta Peru arazoz betetako protagonista aldakor eta gogoetalariak dira); emakumea zen Elsa Scheelen, eta gainera suizida; “Haizeaz bestaldetik”eko esperimentu sinboliko poetiko ausartak…
Nonbait irakurri dizut bera ezagutzea, zuretzat, “bederatzi urteko futbol-zale batentzat Maradona, Zidane eta Iruretarekin bazkaltzea bezain liluragarria” izan zela. Hainbesteraino?
Bai, sekulako ilusioa egiten du hainbeste urtez era anonimoan miretsi duzun norbait halako batean zure izen-deiturak erabiliz mintza dakizun, eta hori gertatu zitzaidan 1999an UEUren Iruñeko ikastaroetan, Joseba Alvarez libre irteteko bezperan, urte bi espetxeratuta eman ostean. Barruan da berriro, eta inor gutxik egin du Alvarezek adina lan bakearen alde.
Liburuaren leitmotiva Txillardegiren obra litzateke, baina hortik abiatuta gai dezente hunkitzen dituzu, gizakiaren eta ziminoaren arteko antzekotasunak eta diferentziak, esaterako.
Bai, halaxe da. Animaliak ez bezala, gizakiok, batik bat filosofoak eta apaizak, animaliaren eta gizakiaren arteko funtsezko aldea zein den zehazten tematu izan gara. Lehen astakiloagoak ginen: gizakia arimaduna dela esaten genuen, animalia berriz arima bako makina hutsa. Fanatismoz aldeztu izan den bereizte ideologiko horretan oinarrituta torturatu izan ditugu animaliak jai giroan edo beste barik denbora pasa. Dena den, aspaldion giza berezitasuna tresnagintzan, kulturan eta hizkuntzan bilatu izan da, edo gezurra asmatzeko gaitasunean. Baina Frans de Waal eta beste anitz primatologok bereizte horren oinarria arrakalaturik dagoela erakutsi digute, antropoideen artean bai baitira tresnagileak, kulturgileak eta Washoe eta Koko bezalako txinpantze berritsuak. Bestalde, ziminoek gezurra taldekideek baino hobeto jan ahal izateko eta sexu harremanetan erabiltzen dute, maitasunezko tragikomedietan, guk bezalaxe, Txillardegiren protagonistek bezalaxe. Ziurrenik, irizpide soilik kuantitatiboetara mugatzeko apaltasuna izan bagenu, gogoetazko bereizte hori sendoagoa zatekeen: esaterako, gizakiok oro har ile gutxiago dugu bonoboek baino, eta kito.
Filosofiak, oro har, animalia eta gizakia bereizi izan ditu. Ez dirudi zure tesia hori denik.
Txillardegirena behintzat ez. Eta gainera deigarria da gizakiaren eta animaliaren arteko diferentzia metafisikoa hain sutsuki eta milaka eta milaka orrialdetan azpimarratzen ahalegindu direnak hain zuzen txinpantze itxurarik nabarmenena duten sermolariak izatea. Zentzu honetan, Vatikanoa baldin bada Mendebaldean foku nagusia, batetik homosexualtasunaren aurkako esamesena eta arauena, eta bestetik gizakiaren funtsezko animaliatasunaren ukoarena, hori gertatzen da proiekzio fenomenoak harrapaturik dagoelako, zure baitan onartu ez eta zapalduta dauzkazun ezaugarriak bestek hezurmamiturik ikusteak eragindako ezinegon oldarkorrak harrapaturik.