MARIE DARRIEUSSECQ, INTERVIÚ
Mugalari, 08/06/07, lelengo partia.
“Ez dut idazten jada gertatu denagatik, okerrena gerta ez dadin baizik”
Marie Darrieussecq (Baiona, 1969) idazlearen azken eleberria euskaratu eta argitaratu du Alberdania etxeak, “Tom hil da” tituluarekin. Pentsatzekoa zen, joan den urteko irailean, frantziar letretako protagonista izan zitekeela, baina inor gutxik imajinatuko zuen liburuaren inguruan sortutako polemika, plagio akusazio larri bat tarteko.
Camille Laurens idazle eta argitaletxe kideak “Philippe” liburutxoa plagiatu izanaz akusatu zuen Darrieussecq. Gai bertsua zuten bi liburuek, egia da, baina gai unibertsala, dena esan behar bada: semea galtzen duen amaren kontakizuna egiten baita bi lanotan. Orain hamar urte, lau urte eta erdiko semea galdu zuen ama baten egunerokoa kontatzen du “Tom hil da” eleberriak. Kontakizun gogorra da, zalantzarik ez, baina era berean ederra, oso ederra, Marie Darrieussecq-en literatur ibilbidean mugarri izan daitekeena.
Nondik sortu zen liburuaren ideia?
Bada, nire obsesio pribatuetatik sortu zen, haur garaiko oroitzapenetatik, gauza oso arkaikoetatik. Idazle guztien kasuan antzeko zerbait gertatzen dela imajinatzen dut. Nire liburu bakoitzean bada hildako haur bat, baina “Tom hil da” honetan ezin nuen haur hori bestelako elementu batzuez inguratu, sarri askotan egiten dudan gisan: aurre egin behar nion, behingoz gaiarekin bukatzeko, akaso. Baina uste dut ez dudala sekula bukatuko. Isiltasunaren baitan gertatzen denari ahots emateko idazten dut. Mamu dei diezaiekegu isiltasun horretan gertatzen direnei. Niretzat lotura zuzen bat dago mamuen eta fikzioaren artean. Eta lotura hori lurrazpikoa da, isila.
Narrazioa harrigarria da, hunkigarria, eta era berean, zorrotza; literaturan oso ohiko ez den konbinaketa, bidenabar. Irakurlea kolpatzea zenuen helburu? Zein izan da liburuaren motibaziorik behinena?
Seme-alaba galtzearen dolua pairatzen duen jendearen sufrimenduetako bat da, galera horrek (eta zirkunstantziak direnak direla) suposatzen duen eskandaluaren mailan dauden hitzak ezin aurkitzearena. Sujet horren inguruan, isiltasunaren inguruan, nolabaiteko esperientzia daukat nik. Dolua bizi duten gurasoek asko idazten dute, baina borroka egiten dute lengoaiaren higaduraren aurka, baita dorpeki adierazten diren esaldien kontra ere: “egin ezazue beste seme-alaba bat”, edo “hamar urte joan dira gertatu zenetik eta negar egiten duzue oraino?”. Liburu amaierako eszenek (dudarik gabe pixka bat komikoak diren bakarrak, talde terapiaren inguruko eszenak sartzen baititut), erakusten dute nola borrokatzen den jendea egindako esaldien lautasunaren aurka. Idaztea ofizio bat da, idazten ez duten horientzat ere idazten dugu idazleok. Auzian jartzen da, halaber, zer egin dezakeen literaturak tamaina horretako dolu baten aurrean.
Eta sujet hain delikatuaren gainean hitz egiterakoan, hitz zehatzak aurkitzea izan al da zailtasun nagusia? Ahotsa, tonu zuzena zailak izan al dira aurkitzen?
Hitz zehatzak aurkitzen saiatzea da nire lanbidea, eta lan horrek ez nau beldurtzen. Nik lan egiten dut lengoaiak errealitatearen berri eman ezin duen momentuen inguruan. Edo lengoaia moztu eta klixeen, ebidentzien azpian isiltzen denean. “Le Bébé” izeneko narrazioan, adibidez, amatasun zoriontsuaren klixeak beste modu batean adierazteko hitzak aurkitzen saiatu nintzen. Seme-alaba baten heriotzaren aurrean lengoaiaren hainbat mugetariko bat hunkitzen dugu, partikularki mendebaldean. Baina dolua bizitzen ari ziren gurasoek hezia izan nintzen ni, eta ez da hain zaila izan ahotsaren tonua aurkitzea: belarrian nuen jada. Beste alde batetik, pentsatzen dut irudimenak dena imajina dezakeela, baita (eta agian batez ere) okerrena ere.
Liburuaren irakurketa orokorrago bat egingo bagenu, esan genezake “Tom hil da” gaur egungo gizarteak heriotzaren ideiari aurre egiteko duen moduaren inguruko hausnarketa bat dela?
Indian, adibidez, badituzte hitzak, keinuak, ohiturak, mundu guztiak mingarrientzat duen dolu horren baitan daudenak: seme-alaba gurasoen aurretik hiltzen denerako, mundua atzekoz aurrera doanerako. Mendebaldean, arretaz, antibiotikoz, txertoz beteriko mundu batean, ahanztera iristen gara umeak besteak bezalako gizakiak direla: hilkorrak. Seme-alabaren heriotza da azken eskandalua, eta agian, azken tabua.
Zure aurreko lanekin alderatzen badugu, liburu desberdina da azken eleberri hau; baina begirada azkar bat ematen badiogu zure ibilbideari ikusiko dugu lan berri bakoitza dela bilaketa berri bat. Zer bilatzen duzu liburu berri bakoitzean? Zein da liburu berri bakoitzaren erronka?
Ez nuke esango erronkarik dagoenik, liburu bakoitza etorri eta inposatu egiten da, eta liburu bakoitzak aurkitu behar izaten du bere ahotsa, bere armonia. Lan luzea izaten da. Kontua beti da hitzak sartzea hitzak falta diren lekuan, eta mundua begiratzea, lehen aldiz begiratuko bazenu bezala. Kontua da leihoak irekitzea jendearen burmuinean, sekula bertan begiratzea imajinatuko ez luketen lekuetan. Horixe da nik bilatzen dudana.