MARIE DARRIEUSSECQ, INTERVIÚ, PART TXU

darrieussecq1.jpg

Frantzian bada idazle korronte oso hedatu bat, haien bizitzen gaineko bariazioak idazten dituztenak, besteren gainetik. Zuk, aldiz, istorioak kontatzen dituzu, fikzioa idazten duzu. Zergatik? 

Nire bizitza hutsala da, hutsalki zoriontsua, esango nuke. Ez zait askorik interesatzen, dagoeneko ezaguna egiten baitzait. Ez dut idazten jada gertatu denagatik, okerrena gerta ez dadin baizik. Nire liburu guztiak horrelakoak dira, okerrena den hori politikoa edo barru-barrukoa delarik ere. Okerrena niretzat, barren-barrenean, nire seme-alaben heriotza da; oso zabaldurik dago mamu hau nigan, eta “Tom hil da” liburuan lortu nuen imajinatzea, exorzismoagatik akaso. Baina, batez ere, sinisten dudalako eleberri bat muturreraino esploratutako mamu bat dela. Hala eta guztiz ere, fikzioak hobeki azaltzen du errealitatea, denik eta dokumentalik onenak baino. Munduan bezain luzaz bizi gara geure buruetan.   

Beraz, autofikzioaren eta fikzioaren arteko eztabaidak zer zentzu du zuretzat?

Autofikzioari buruzko tesia idatzi nuen 1997an. Irakurle gisa interesatzen zait autofikzioa, ez, ordea, idazle gisa. Idazle gisa, autofikzioarengandik ondorengoak arduratzen nau: ez nire bizitza erakusteak, besteen bizitza erakusteak baizik. Baina ez dut horren gaineko posizio ideologikorik: eleberriak irakurtzen ditut bereziki, baina baita autofikzio eta autobiografia ugari ere, eta, esan bezala, autofikzioaren gaineko tesi bat ere defendatu nuen. Genero hori kapaz da, eleberriaren antzera, libururik onenak eta eskasenak sortzeko. Bestalde, fikzioa berriz bueltan dela iruditzen zait, eta nik uste garai onak izango direla zientzia fikzioarentzat ere.  

Hain zuzen ere, eztabaida horixe zegoen Camille Laurens idazleak zure aurka eginiko plagio akusazioen hondoan. Harritu zintuen plagio akusazio horrek?   

Norbaiti esatea: ez duzu seme-alaba baten heriotza idazteko eskubiderik, bizi izan ez duzulako, irrigarria da geure burua idazletzat daukagunean. Kasu horretan Charlotte Brontëri debekatu beharko litzaioke “Jane Eyre” idaztea, itsu batekin sekula ezkondu ez zelako eta bere etxeak benetan su hartu ez zuelako… Gauzak hanpatzea ni “plagio psikikoaz” akusatzeraino, hau da, zorigaiztoko telepatia moduko batez akusatzeraino (Camille Laurensek uste baitu bera dela seme-alaba galdu duen munduko ama bakarra), komikoa litzateke tristea ez balitz.     

Laurensek berak adierazi zuen, “Marie Darrieussecq ou Le syndrome du coucou” izeneko artikuluan, “bertigo mingarri batean” irakurri zuela “Tom hil da”, “identitate lapurreta baten sentimenduarekin, tarteka plagio psikiko moduko baten aurrean” balego bezala. Gero, ordea, eskaintzen zituen argudioak ez ziren irakurlea konbentzitzeko modukoak. Hitz horien atzean bestelako motibaziorik egon daitekeela uste duzu? Nola esplika dezakezu afera? 

Entzun duzu inoiz idazleen arteko lehiaz hitz egiten? Eta minak eskubide guztiak, iraina barne, ematen dituela uste duen jendeaz? 

Zure editorearen adierazpenak, Gouncourt eta Femina sarietarako izendapenak… literatur munduak bere iritzia adierazi du… 

Nire editorearen adierazpen benetan ederraz gain (zeinak, Frantziako errege Luis IX.aren antzera, bere haritzaren azpian justizia egitea erabaki baitzuen), sari istorio horiek diru kontuak baino ez dira.  

Hilabete batzuk pasa dira, ekaitza baretu dela dirudi. Zer moduz atera zara afera horretatik? 

Idaztea hain da boteretsua, imajinazioa hain da aberatsa, ezen ekidinezina baita liskarrak izatea errealitatearen jabeen eta fikzioaren aztien artean. Baliteke gaizkiulertua fikzioa dibertimendurako erreserbatua dela pentsatzean egotea, minaren esperientzia errealitatearen idazketak bakarrik esan dezakeen bitartean. Baina eleberriak dena har dezake, eta hartu behar du, bere gain. Eleberria ez da denbora-pasa soila. 

Harreman berezia duzu euskararekin; oker ez banaiz, zure amatxik eta amak hitz egiten zuten, zuk zeuk ikasi izan duzu. Esanahi berezik ba al du zuretzat euskarara itzulia izanak? 

Benetan zoriontsu egiten nau horrek. Euskaraz, hiru urteko haurraren maila daukat, baina nire seme-alabek euskarazko bigarren izena daramate, biek, Oihan eta Haize. Hiru hizkuntzen artean hezia izateak egin du, frantsesa, eskolako hizkuntza, besteen arteko hizkuntza izatea; sakratutzat jo gabe distantzian ukan ahal izan dut, eta material malgu bat lantzen dugun moduan, eta inolaz ere ikaragarri bailitzan, lantzea. Eta ez besteak baino ederragoa edo zatarragoa. Besteren artean mundua esateko beste lanabes bat.

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5