kritika antologikoak atalaren artxiboa

ARGAZKIEN ZENTZUAN BARRENA BIDAIA

Urtarrila 7, 2008 | Egilea: taperwarekolektiboa

foto de taperware en 3/12/07

Haritz Zubeltzuren kritika. On egin.

Fernando Pessoak “gauzen misterioa” poeman zioen munduan diren gauzen misterio edo atzealdeari buruz galdegiten diogula geure buruei nekerik gabe. Baina Pessoaren ustez, gauzen misteriorik handiena honakoa da: gauzek ez dute misterio edo atzealderik Pessoaren kontra errebelatu den komando literario bezala defini dezakegu Taperware Kolektiboa. Imajin eta irudi hutsa ezin baitugu huts-hutsean “ikusi”, zentzuz kargatuta dator beti, eta ikuslerik pasiboena ere beti izango da interpretatzaile aktibo. Hori izan da aldamenean dagoen liburuaren argazkia ikusi dudanean otutako lehen ideia. Sarrionaindiak irudi baten interpretazioak duen zentzuen aniztasuna ederki asko erakutsi zuen “SOS” forma duen irudia ikusten duen bidaiariaren kasuan. Bidaiaria “SOS” horretara hurbildu ahala konturatzen da menturaz forma hori hartu duen inurri saldoa besterik ez dela eta, beraz, “SOS” horren atzean ez dagoela mezurik, ez dela sinbolo bat. Taperware kolektiboaren beste ezaugarri baten berri emateko bide ematen du irudi horrek: inurri talde bat da Taperwaretarrena, baina, SOS beharrean “MEKAGUEN SOS” forma hartu duen inurriak dira. Liburuaren hasieran dioten bezala “gaur egungo bizimoduaren kritika azidoa” egiten baitute. Ez pentsa bestalde, irakurleari liburuak pentsamendu kritiko koherentea bat-batekoan eskainiko dionik. Irudiz kargatutakoak dira gure kale eta paisaiak: litxarkeriak, maniki bilutsiak, piperraren parke tematiko bihurtutako herriak, ardien eta zezenen arteko borrokak kotxeko pegatinetan, bertsopadak, palmondoak euskal paisaia bukolikoetan… kalera argazkiak ateratzera abiatu dira Taperwareko inurriak eta kalea bezain koloretsu eta zentzugabe den gaien entsalada batuz. Irakurleak izango du gero zeregin inpresio guzti horietatik interpretazio berriak eginez hausnarketaren ur sakonagoetan sartzeko. Baina mesedez, ez galde ea Taperwarekoak horrekin guztiarekin hausnarketa sakonen bat egin duten filosofoak diren. Beharbada bai, edo agian ez. Hartara, gauzak sailkatzeaz nekatu den botaniko eroa izan daiteke taperware kolektiboa: kaleko estimulo amaitezinei begira argazki albumak egitera dedikatzen den jubilatu aspertua. Irakurle-ikusleak ordea, hausnarketarako gonbidapenak jasoko ditu orrien joan etorrian. Partxis jokoan bezalaxe arituko da laukitxotik laukitxora, amaierarik ez duen jokoan argazkiak interpretatzen. Gizon posmodernoek bezala nondik norakorik gabe sentituko da, baina, zergatik ez, batzuetan bidea egite hutsak merezi du, nazkatuak baikaude ajenda eta ordulariekiko zitez bezainbeste, teoria itxi eta pentsamendu dogmatikoez.Azkenik ohartxo bat tonuari buruz, zuzen-zuzenean afektatzen baitio egiten duen kritikaren edukiari. Filosofoek, Sokratesek esaterako, eztabaidarako absurdurako erredukzioa erabili izan dute argudio estrategia lez: arerioaren posizioak hasieran bere egin ondorioen katean absurdura daramatela erakusteko. Halakoxea da Taperwareren ironia edo umorea. Enpresarioekin, gerra turista katalanekin, astoen egoskorkeriarekin, edota golflari euskaldunekin lerratzen da etengabe postura horien erridikulua ironia finez erakusteko. “Kobazuloko ironia” deituko diogu umore beltza eta wazemankekoa baina rh negatiboagodunagoa den umorea etiketa bakarrean adiskidetzeko (“ingeles umore”aren moduan euskal ironiaren subiranotasuna aldarrikatzen du Taperwarek!). Zer esan bada, egilea zoriondu nahiko genuke. Ea afari batera gonbidatzen gaituen. Esan digutenez Bar Puerton dago taloa, sagardoa eta txistorra lagun duela. Geurean behintzat plazer handiz irakurri da: errealistek “ondo ziok” iritzi diote, eszeptikoek berriz, “etziok gaizki”.     

EURI AZIDOA

Abendua 17, 2007 | Egilea: taperwarekolektiboa

foto de taperware en 3/12/07

Ion Olano kritikariak Mugalarin idatzitakoak, hemen:

Eta halako batean, euria hasten den bezalaxe, liburua jausten zaigu esku artera: Taperware Kolektiboaren “Leihatila Beltza.” Azpitituluak helburu handiak iragartzen ditu: “Gaur egungo bizimoduaren gaineko kritika azidoa”. Hitzaurrean, aldiz, asmoaren apala azpimarratzen du kolektiboak. “Asmoa ez zen (gerora ere ez da izan) bizi dugun garaiaren eta garaiko ajeen inguruko jakitate teoriko orokorrik ezartzea. Bai, ordea, eguneroko gauza txikietatik abiatuta egindako hausnarketatxoak konpartitzea”.

Xabier Montoiak eta Fernando Reyk irabazi dute Euskadi literatura saria

Azaroa 7, 2007 | Egilea: taperwarekolektiboa

Berria, 07/11/07

kritikak esana

Erosokeria(k), zilborkeria(k)

Iratxe Retolaza - Berria

« (…) Euskal Hiri horretan leiala izatea ezinezko dirudi. Pertsonaietariko batzuk azpikeriatan eta saldukeriatan ibiliko dira, haiek horrela erabaki dutelako, erabat kontziente. Beste batzuetan, leialtasuna ezinezko egingo zaie pertsonaia batzuei, zintzotasuna zeri zor dioten ere ez dakitelako, zintzotasuna bera antzemanezin bilakatzeraino. Horiek horrela, narrazio hauetan guztietan zintzotasun eta leialtasunarekin (edota ezarekin) loturiko hainbat galdera zabaltzen dira, eta bide beretik, epailetzaz gogoeta egiten da (nork behar luke epaile eta nork epaitu?). Ildo beretik, biktima eta borreroen inguruko hausnarketak ere zabaltzen dira (nor ote biktima?, nor ote borrero?). Azken batean, arduren eta arduradunen inguruko hausnarketak dira narrazio hauetan guztietan harilkatzen direnak. Jakina, euskal hiritar guzti-guztiek arduraz jokatu ordez, edo zintzotasunez jokatu ordez, erosokeriari eta zilborkeriari men egingo diote, nork bere interesak defendatuz (ekonomikoak, politikoak, ideologikoak edota pertsonalak). Hiritar hauen erosokeriak eta zilborkeriak irudikatzeko, narrazio gehientsuenetan hitzen eta ekintzen arteko amildegiak irudikatu dira.

Hipokrisien mundu-ikuskera hau sortzeko gaitasuna ez ezik, badu bilduma honek bestelako meriturik. Narratzaileek irakurle hau hipokrisiaren bide anitz horietara hurbilaraztea lortu dute, hipokrisiaren zenbait pitzadura larruan sentitzeraino: batzuetan, hasierako sentsazioetan ohartarazi bezala, irakurle honek erosokeriara jo duela ohartu da, proiektu narratibo anbiziotsua narrazio aleetara mugatu izanagatik; besteetan, irakurle honi iruzur egingo dio narratzaile traidoreren batek, eta haren azpikeriatan harrapaturik sentitu du bere burua; eta beste batzuetan, irakurle honek bere azpikeria eta hipokrisia papereraturik sentitu du, pertsonaia batzuen jokaerak hurbilekoak sentituz. Zilborkeriak jota, ni neu (…)».

Utopia sutan

Aritz Galarraga - Gara

«(…) Esan dugu narraziook erreferentzia egiten diotela arestian aipaturiko Euskal Hiriaren hausnarketari, baina Atxagak planteatzen zuen elkarbizitzarako eremu utopiko idealaren aldean, ’sutan’ dagoen errealitatea da Montoiak deskribatzen duen Euskal Hiria, ‘erokeriari eskainitako monumentu txepela’: bikoteen gorabeherak, guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertuak, drogek utzitako arrastoak, garapenaren izenean irekitakoak, politikarien, polizien gehiegikeriak… dira hiri honetako protagonista, esperantzarako tarte estua uzten duen Euskal Hiri honetako protagonista. (…)

Gaur egungo Euskal Herriaz hitz egiten duen literatur lan nabarmenen artean kokatzekoa da, dudarik gabe, Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan.

Errealitateak fikzioa gainditzen duela, hala dio esaerak. Eta egia da inondik inora. Baina errealitatea ulertzeko fikziora jotzen dugu oraindik orain gizakiok, ezer konprenituko badugu, beharrezko zaigulako fikzioa. Errealitatea ulertuko bagenu, ez legoke, noski, fikzioaren beharrik. Eta horrexegatik dira ezinbesteko Xabier Montoiak idatzitako azkenaren gisako literatur lanak (…)».

Intelektuala eta konpromisoa

Ibon Egaña - Berria

«(…) Pertsonaiaren hautuan eta hari emandako sakontasun, konplexutasun eta biribiltasunean datza, ziurrenik, obra honen erakargarritasun eta iraunkortasuna, hein handi batean. Izan ere, Tabucchik pertsonaia zalantzati, ahul bat marrazten du, iraganera begira bizi dena, heriotzak obsesionatua, bere baitara bildua, eta bere ekintzen eta jarreren zergatiak azaltzerakoan, erantzun gisa ‘ez dakit’ baino askoz gehiago esaten asmatzen ez duena. Tabucchik ez du heroismoa darion intelektual engaiatu eredugarririk aurkezten; haatik, sinesgarriagoa eta hurbilagoa egiten den gizaki hauskor bat marrazten du, bizitzaren norabidea pauso baldarrez erabakitzen duena.

Era berean, pertsonaiaren izaera zalantzatiari eta gaiaren inguruko planteamendu ez-agortzaileari bikain egokitzen zaio Tabucchik erabilitako ahots narratiboa.

Pereiraren lekukotza jasotzen duen narratzaileak zalantzari uzten dio etengabe bidea zabalik, ‘Pereirak dioenez’ makulua behin eta berriz erabiliz. Hala, zirrikituak uzten dira zabalik, dela gaiari heltzerako orduan, dela istorioa biribiltzerakoan (…)».

ITSASO GORRIA

Iraila 16, 2007 | Egilea: taperwarekolektiboa

Zerk eragin ote zuen halako polemikea?

“Sua nahi, Mr. Churchill?”
Koldo Izagirre
Susa, 2005

       Ipuin liburua da Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill?. Hamazazpi kontakizunez osatutako liburua. Badira urte batzuk narrazio edo eleberririk argitaratzen ez duela, baina estilo eta gai aldetik ezagun du harenak direla ipuinok.

        Izagirreren mundu literarioan behin eta berriz agertzen zaizkigun bi ezaugarri topatuko ditugu hemen ere: itsasoak, marinelen bizimoduak eta portuko kontuek idazlearengan sortzen duten mira batetik, eta historiak eta batik bat sozialismoak eta ezker ideologiak sortzen dioten lilura bestetik. Liburu honetan ez dugu neke izango kamarada, Lenin, Marx eta halako izenak aurkitzen, eta horien ondoan, jakina, han-hemen topatuko ditugu eskuin muturreko izenak ere, dikotomia perfektua osatuz: falange, Franco, Primo de Rivera eta abar.

        Izagirre ezin itzuri zaio bere inguruari, hori du idazteko funtsa, eta etxetik abiatzen da idazteko orduan. Pasaia, Trintxerpe eta inguru horretan dauka botea aingura, eta han girotutako istorioak kontatzen ditu. Liburu honetan nabarmena da, esaterako, galiziarren presentzia, Pasaia inguru hori galiziar askoren portu izan baita.

        Eta idazlea portura begira jartzen da, eta hango eszenak harrapatzen ditu. Jende xehea ikusten du batez ere, batzuk joaten eta beste batzuk etortzen eta itsasotik edo lehorretik datorkien erasoa pairatzen. Ospela da beti portuetako giro hori. Inoiz, gizon-emakumeen arteko harreman ia platonikoak goxatzen du pertsonaien bizimodu gordina, eta horrek ematen die kolore pixka bat kontakizun hauei, oro har beltz samarrak baitira.

        Batzuetan, portua utzi eta itsaso zabalera ere irteten da idazlea, munduko ateak irekitzen baitizkio itsasoak. Jendea eraman eta ekarri egiten dute olatuek, eta hango eta hemengo jendea ezagutzeko modua egiten. Eta, azkenean, itsasoarekin lotutako alderdi guztiak jorratu ditu Izagirrek ipuin hauetan: marinelen bizimodu gordina erakutsi digu batzuetan, kontrabando konturen bat iradoki digu besteetan, gerraren ondorio latzak azaldu dizkigu beste hainbatetan… Funtsean, itsasoa bizibide, ihesbide, poz-tristuren iturri agortezin gisa marraztu digu.

        Baina portuan bakarrik ez, historian ainguratuta ere badaude ipuinok, iraganera jo baitu Izagirrek ipuin hauek ontzeko. Oraingoak baino urte gogorragoak dakartza gogora miresgarriagoak ere bai, antza, idazlearentzat, eta ia narrazio guztietan agertzen da Euskal Herriko historiaren zantzua, gerrarena, frankismoarena, sozialismoarena… Hala ere, historia kontuek ipuinak girotzeko balio dute batez ere, eta pertsonaiengan eta istorioan eragiten duten neurrian baliatu ditu. Giro guztiz erreala eta hurbilekoa lortu du hala. Narratzailearen ikuspuntuak ere laguntzen dio errealismo horri. Askotan, narratzailea lekuko gisa agertzen da, eta lehenengo pertsonan kontatzen du, istorioa sinesgarriagoa egite aldera edo.

        Baina giro erreala lortu badu ere, ez da batere liburu irakurterraza. Izagirrek agerian utzi du istorioak kontatzeko duen maisutasuna, baina ezin iritsizko maisua da askotan. Niri, behintzat, kosta zait hariari jarraitzea. Hizkuntza izugarri ondo ezagutzen duela erakutsi du Izagirrek beste behin. Haren prosa oso landua da, esaldiak nahierara taxutu ditu, eta hizkuntza jasoa erabili, baina euskal irakurle normalak duen gaitasunaren gainetik dago oso liburu hau, eta batzuetan zail egiten da irakurtzea, hiztegia lagun izan ezean behintzat. Eta horrek, bistan da, nekagarri egiten du. Ezin ukatu hizkuntza bera ikasteko aparta dela, itsasoarekin lotutako hitzak ikasteko batez ere, baina hori literatura ez beste kontu bat da. Ipuinetako pertsonaia bat ere “hiztegia ari omen da osatzen portuko hitzak bilduta”. Ez dakit Koldo Izagirrek portuko hitzekin osatutako hiztegirik egina edukiko ote duen, baina, dudarik gabe, liburu honetatik hiztegi aski osatua atera daiteke.

        Itsaso zabala da Koldo Izagirrerena eta igeri egiten baino zerbait gehiago jakin behar da hartan murgiltzeko.

Berria, 2005-12-27

KRITIKA ANTOLOGIKOAK NOLA IDATZI

Uztaila 4, 2007 | Egilea: taperwarekolektiboa

Comment parler des livres que l’on n’a pas lus ?

Pierre Bayard (Editions de Minuit, 2007)

“Né dans un milieu où on lisait peu, ne goûtant guère cette activité et n’ayant de toute manière pas le temps de m’y consacrer, je me suis fréquemment retrouvé, suite à ces concours de circonstances dont la vie est coutumière, dans des situations délicates où j’étais contraint de m’exprimer à propos de livres que je n’avais pas lus”.
http://www.leseditionsdeminuit.com/f/index.php?sp=liv&livre_id=2514

KRITIKA ANTOLOGIKOAK (II)

Maiatza 26, 2007 | Egilea: taperwarekolektiboa

Ez dugu ezer Felipe Juaristiren kritiken aurka. Baina alde ere ez.

Poetika

Felipe Juaristi

“Poetikak & Poemak”
Antologia
Erein, 2005

        Bost poeta, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia, Castillo Suarez eta Kirmen Uribe bildu ditu Iban Zalduak liburu hau paratzeko. Antologia edo dena delako hauetan komenigarria izaten da hitzaurrea irakurtzea, asmoak eta helburuak zein diren jakiteko. Iban Zaldu narratzaile eder horrek idatzi du: “Ez dut sinesten poesia beste literatura-generoen gainetik dagoenik, inondik ere”. “Inondik ere” kategoriko hori gustatu egin zait, izugarri. Nik ere ez dut uste poesia beste literatura-generoen gainetik dagoenik, baina beste arrazoi batengatik. Poesia da literatura-genero bakarra eta gehiago ere esango nuke. Poesia artea da. Eta artea poesia da. Poesia ez den oro, artearen mugetatik kanpo dago. Beste kontua da modernidadearen pentsamendu arautzaileak poesiaren barruan jarri dituen sailak: eleberria, narrazioa, lirika eta abar. Beste kontua da gaur egun poesiaren esanahi murritza onartzea: poesiaren izenean hitz laua ez den guztia onartzea. Beste kontua da gaur egun poesiatzat jotzea, ikuspuntu estetiko edo artistikotik inondik ere poesiatzat har ez daitekeena. Beste kontua da poetak onartu egin duela nahasketa hori, eta konformatzen dela bertsoak egitearekin, metaforak pilatzearekin, hitzak esatearekin; onartu egin duela poesiaren estereotipoa. Horrelako zerbait, baina hitz desberdinez, esaten du Rikardo Arregi Diaz de Herediak, esaten duenean “esaten ez dudana da esaten dudana”. Poesiak mugetara jotzen du beti, argitik ilunera, ederretik zatarrera, baketik gerrara, pozetik tristurara, baretasunetik dardarara, ziurtasunetik zalantzara, hitzetik isiltasunera. Hori da artearen ibilbidea; horixe bera poesiak egin beharko lukeen ibilbidea, aurrekoen aldean desberdina izanik, aurrekoen arrastotik joanik. Orijinala izanik, “jatorria” ahantzi gabe. Poesia misterioa da oraindik; poesia harridura da; poesia ezkutaleku bat da; poesia hasiera da eta helburua; poesia dena da, edo bestela ez da ezer.

El Diario Vasco, 2005-09-23

KRITIKA ANTOLOGIKOAK I

Maiatza 4, 2007 | Egilea: taperwarekolektiboa

 

KRITIKA ANTOLOGIKOAK deritzon saila abiatzen dugu gaur. Hasteko bat, antologikoa benetan. Nahi duenak edo ausartzen denak egin beza komentarioa.

Literatura, noski

Felipe Juaristi

“Euskal Hiria sutan”
Xabier Montoia
Elkar, 2006

        Nik uste nuen zilegi dakidakeena eta etiko zaidana ezberdinak zirela, niri etiko dakidakeena eta zilegi zaidana ezberdinak diren bezala. Bistan da ezetz eta damu naiz lehenago ez ohartuaz. Damu, Aristotelesen eta Platonen liburuak bota baititut harrika kalera. Norbaitek ba al daki zer soinu egiten duen liburu filosofiko batek euriak busti duen kalea jotzean? Plisti. Papera asfaltoaren aurka, eta asfaltoa euriaren bide, eta nik uste nuena eta nik dakidana biak batera errekara. Ez dakit zer egin Savaterren liburuekin. Beharbada Xabier Montoiarentzat gordeko ditut, liburuko pertsonaien artean kokatu baitu bera. Zer doinu egingo ote dute Savaterren liburuek lurra jotzean? Plasta. Irekiko ote dira tximeleten itxura hartuz. Bai? Ez? Hauxe sentimenduen anabasa trinkoa eta mataza askaezina. Eta nik uste zilegi den oro ez dela etiko, eta etiko den oro zilegi ez! Nondik begiratzen den, ez al da hala? Zilegitasuna edo etikotasuna, bietako zein da gure izaeran nagusi? Zilegitasunaren etikotasuna? Etikotasunaren zilegitasuna?         Adibide bat. Eman dezagun ni ez naizen beste idazle batek Xabier Montoia izeneko pertsonaia asmatzen duela eta beste pertsonaien artean ipintzen duela bera, historiaren barruan, eta historiaren partaide. Eman dezagun Xabier Montoia izeneko pertsonaiak Xabier Montoia izeneko gizon benetakoaren antza duela, eta ni ez naizen idazle horrek (ez baita nire estiloa, dudan irakurle-klubekoek ongitxo dakitenez) ustezko narrazioa erabiltzen duela Xabier Montoia benetakoa iraintzeko, jipoitzeko, laidotzeko, zapuzteko. Inork ez du esango literaturaren ikuspuntutik zilegi ez denik, izan ere literaturan dena da zilegi, baita penagarri idaztea ere, baina batek baino gehiagok (zilegi zait pentsatzea) ez du etikotzat joko. Zilegi ere bazait ustea benetako Xabier Montoiak balizko idazle horren ama eta beren haragizko zerbitzuak diru truk eskaintzen duten emakumeen lanbide zilegia elkartuko dituela, irudimenean ez ezik, ahoan ere bai. Gakoa hor: egia noiz da gezur, eta gezurra noiz egia? Euskal hiria ala euskal idia? Hiriarena ala idiarena jo? Literatura, noski.

El Diario Vasco, 2007-02-16

Liburu bat, bi kritika

Apirila 16, 2007 | Egilea: taperwarekolektiboa

Gauza jakina da irakurle bakoitza mundu bat dela, eta irakurle guztiak ez direla bat etorri behar, derrigorrez, liburu baten gaineko juzkuan. Hala ere, bitxia begitandu zaigu liburu beraren inguruan bi ikuspuntu hain diferente aurkitzea. Joxemari Iturraldek idatzitako Hyde Park-eko hizlariak eragindako iritziez ari gara: bi kritika soilik hemerotekan eta bata bestearen antipodetan.

Zuek zeuok juzkatu:

Berria, 2007/04/8

“Kosta egiten zait aipu hori hasiberri batena ez baina ibilbide luzeko nobelagile baten liburukoa dela sinestea. Eta badira gehiago”.

“Sinpletasuna, irakurterraztasuna bilatu nahia egongo da atzean agian, baina sinplekeria eta zabarkeria ere badario batzuetan Iturralderen prosari”.

“Eskertuko lukete, nik uste, editore baten eskua edo arindu bat 331 orrialdeek”.

“Sinpleak, lauak, deskafeinatuak iruditu zaizkit, neuri bederen, estiloa bezala pertsonaia eta gertakariak eta lautada amaigabe batean korrika bezala sentitu naiz liburua irakurtzen, nekatuta, inora ez iristeko”.

Gara, 2007/02/10

Hyde Park-eko hizlaria ez da nolanahiko nobela. Osagarri guztiak biltzen ditu nobela erreferentziazkoa izateko”.

“Maisuki baitarabil Iturraldek narrazioaren erritmoa, bidea leuntzen duen hizkera soil eta zuzenarekin konbinatuta”.

“Eta nabarmentzekoen artean, azkenik, liburuak eskaintzen duen gogoetarako tartea. Irakurtzearen plazer soila gainditzen duena”.

“Nobela-nobela. Horixe iruditu zait Hyde Park-eko hizlaria. Bikain idatzia eta osoa”.

Akzioa ere bai

Martxoa 21, 2007 | Egilea: taperwarekolektiboa

MAILUAREN ODOLA - ERRESUMA ETA FEDEA I

Mugalarin argitaratua (2007/03/10)

MAILUAREN ODOLA

Aingeru Epaltza (Elkar, 2006)


Gerra fikziorako motibo garrantzitsuenetarik dela esan bazuen norbaitek, arrazoirik ez zaio falta. Urrun joan gabe, gurean badira gerra zibilean edota karlistaldietan girotutako literatur lanak. Gero eta ugariago euskal drama garaikide honi erreparatzen diotenak. Ez da hain ohikoa akaso, Nafarroako erresumaren konkista urteetara gerturatzea. XVI. mendeaz ari gara, noski, 1512az eta ondorengo hamarkadez. Eta batzuek gaztelarren konkista itun bidezko anexiotzat aurkeztu nahi duten arren, ezin uka garai gatazkatsua soilik ez, odoltsua ere izan zela XVI. mendeko Nafarroa. Historiaren aro zehatz horretan girotutako nobela dugu beraz, Aingeru Epaltzaren azkena, Mailuaren odola.
Baina eskuartean dugun lanak aro gatazkatsu hori berreraikitzen duela egia bada, ez da faltsuago esatea ez dela horretara soilik mugatzen. Hasiera batean bai, garai historikoaren aukeraketak harritu eta irakurketan zehar txundituko du irakurlea. Baliteke, bizi dugun orainaldi hau orduan hasi zelako zehazten. Baliteke, giroa maisuki harrapatu duelako Epaltzak. Baina berehala konturatuko gara eszenatokia baino, garrantzitsuago direla garaiaren argi-ilunak, baita pertsonaienak ere. Orriotan zehar kanoikadak, gerra zelaiak, bortxaketak eta heriotzak aurkituko baditugu ere, ez da hori bakarrik Mailuaren odolak eskaintzen duena, ez eta garrantzitsuena seguru asko. Nobela historikoa da bai, eta nobela historiko onek bezala akzioa eskaintzen du, baina nobela historiko eskasek ez bezala gogoetarako parada ere bai.
Joanes Mailu da liburuko protagonista nagusia: “Albret eta Borboi. Borboi eta Albret. Izen handiak, biak, gure erresuman. Horietarik fitsik ez naiz, ordea. Zuzeneko haziak ernaldu ninduen. Baina okerreko sabelak umetu. Ez Albret ez Borboi. Joanes Mailu erraten didate. Bastarta naiz, sasikoa, eta sasikoen ondorengo. Bi aldiz sasiko. Bi aldiz bastart”. Kritika feministak ernalketaren gaineko hitz horietaz esango lukeenaz aparte, aipagarria da Epaltzak narrazioaren pisua eramateko aukeratu duen pertsonaiaren antiheroitasuna. Nahiz eta errege odola izan, gutxi dute epikotasunetik Joanes Mailuren ibilerek eta hala eta guztiz ere, fidel zaio bai erresumari, bai eta fedeari ere. Eta ordainetan edozer, odolkiak izan ezik.
Mailurekin batera egingo du, beraz, irakurleak XVI. mendeko Nafarroan barrena bidaia, gaztelarren konkistatik hasi, Nafarroa Beheretik erresuma osoa berreskuratzeko saio usteletaraino, tartean erlijioen arteko gerrak nabarmen geratzen diren bitartean. Eta bertan ikusiko dituenak zerikusi gutxi dute euskaldunon iruditerian hain erroturik diren pasarte heroikoekin: erresumari egindako etengabeko traizioak, ordaintzen duenaren itzalean borrokatzen diren gerlariak, Errege-erreginen gobernatzeko ezintasuna, erlijioen ustelkeria, gerraren basakeria neurrigabekoa… Zentzu horretan, inolako epikotasunik erakusten ez duen gerturatzea proposatzen digu Epaltzak, hainbat unetan ironikoa izateraino.
Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi beste bi kontu gutxienez, labur bada ere. Bata euskal kulturako garai hartako protagonistak liburuko pertsonaia bihurtzearena. Eta bestea, kontakizun osoan zehar Epaltzak darabilen hizkera, soka sobera tenkatu gabe, kontatzen dena erabat sinesgarri egiten duena. Erresuma eta Fedea izenpean trilogia agindu du Epaltzak. Mailuaren odola litzateke lehen emaitza. Besteen esperoan geratzen garen bitartean, biziki gomendatzen dugu eskuartean duguna, aspaldi honetan irakurritako txukunenetarik baita.   


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5